Frantziako Poliziak Hazparneko Dabidenia gaztetxea hustu du gaur goizean. Jendarmeen operazioan 40 bat poliziak hartu dute parte. Gaztetxera irisi direnean ez zen inor, baina horren berri izan eta berehala hamabost bat gazte hurbildu dira, eta horietako bi identifikatu dituzte, eta deklaratzera deitu dituzte. Polizia operazioa 08:30ean itxi dute jendarmeek.
"Orain arte hor egiten genuen lo, baina atzo gauean denak joan ginen lotara etxera. Goizean, 07:00etan, lagun batek deitu gaitu hor zirela errateko, eta lortu dugu zerbait berreskuratzea", azaldu dio BERRIAri Joana Barbier hazpandarrak. 25 urte ditu, eta bera da polizia etxean deklaratzera deitu duten bi gazteetako bat. BERRIAri adierazi dio ez dakiela zein den deklaratzera joateko eskatzeko arrazoia.
Hasiera batean, arratsaldeko lehen orduan zen deklaratzekoa Barbier, baina abokaturik ez zuenez oraindik, 18:00etan deklaratzera deitu dute. Ordubete geroago, 19:00etan, elkarretaratze batera deitu dute Hazparneko plazan.
AZKEN ORDUKOA Hazparneko gaztetxera heldu dira poliziak eta barnean diren gazteak kanporatzen hasi dira. #Ttattola#Gaztetxea#Hazparne
— Euskal Irratiak (@euskalirratiak) September 13, 2021
Barbierrek aitortu du ez zutela espero gaur kanporatzerik. "Prefetak duela bi aste igorri zigun kanporatze agindua, eta erran zigun 24 oren genituela ateratzeko". Egin ezean, polizia bidaliko zuela ohartarazten zuen prefetak aginduan. Gaztetxekoek, ordea, helegite bat zuten jarrita agindu horren kontra, eta hori lantzen ari zirela kanporatu dituzte.
Arratsaldean egingo duten bileran eztabaidatuko dute gazteek zer egin hemendik aurrera. "Dena biziki fite pasa denez, ez dugu erabakirik", dio Barbierrek. BERRIAri azaldu dio gaztetxe moduan erabiltzen zutela Dabidenia, aurrekoa, Ttattola, kendu zietelako. "Herriko etxearekin ez genuen lortu beste lokalik ukaitea, eta horregatik erabaki genuen Dabidenia okupatzea".
Okupatu zutenetik kontzertuetarako, auzolanerako eta bilkurak egiteko erabili dutela azaldu du Barbierrek, eta zenbait elkartek ere erabili dutela gaineratu du. Bat egin du, horregatik, pasa den larunbatean Iruñean Arrotxapeko gaztetxearen alde egin zen manifestazioan esandakoarekin: "Gaztetxerik gabe ez dugu lekurik kulturalki gure gauzak eramaiteko, dena blokatua zaigu".
Hamar urte hutsik
Abuztuaren 21ean okupatu zuten gazteek oraingo eraikina, Ttattola gaztetxearen egitasmoari segida emateko. 2019ko neguan kanporatu zituzten aurreko egoitzatik, han lanean hemezortzi urte eman ondoren. «Hazparneko gazteok, urte bat eta erdi gaztetxerik gabe pasatu, eta etxe bat okupatzea deliberatu dugu», esan zuten orduan.
Herriko kale nagusiko eraikin batean sartu ziren orduan. «Ekintza kulturalak egiteko, herria dinamizatzeko eta jendea elkartzeko espazio bat izatea nahi dugu. Hau da, gaztetxe rol bat betetzea». Eraikinak hamar urte zeramatzan hutsik: «Pisuak alokatzen dituen enpresa batena da, eta jabeak atzerrian bizi dira. Azken hamar urteotan ez du inork eraikina baliatu».
"Davideniako okupazioa hortan bukatzen da" Goiz huntan hustu dute jendarmek Hazparnen gazteek okupatzen zuten etxea. @TtattolaGpic.twitter.com/KX7Dg2wip7
— Euskal Irratiak (@euskalirratiak) September 13, 2021
Larunbatean, gaztetxeak defendatzera dei egin zuten Arrotxapean (Iruñea, Nafarroa), manifestazio batean. Bederatzi egun ziren Espainiako Poliziak auzo horretako gaztetxea hustu zuela, eta jendetza bildu zen gune autogestionatuen defentsan.
Gaztetxeen eta antzeko espazioen aurkako erasoak zenbait mugimendu «antolakuntzarako baliabiderik gabe» uzten ari direla salatu zuten gaztetxeko batzarreko kideek; «espekulatzaileen gaitasunen aurrean ahul» daudela. Horiek «estatua, legea eta polizia» haien alde dutela salatu zuten; dirua dutela «armatzat», eta «masa komunikabideak haien alde» dituztela. Horren aurrean, «indarrak metatzearen» garrantzia nabarmendu zuten: «Gu txikiak gara, baina handiak potentzian».
Horrekin lotuta, elkartasuna adierazi zioten husteko arriskuan den Gasteizko zentro sozialistari, eta azkenean gaur hustu duten Hazparneko gaztetxeari. Oro har, halako guneak defendatzeko deia egin zuten: «Antolakuntzarako aukeren murrizketaren aurrean, ezinbestekoa da espazio hauen aldeko borrokan aurrerapausoak ematea».
Atzo, hain zuzen ere, manifestazio jendetsua egin zuten Arabako hiriburuan, Zentro Sozialistaren alde. Husteko asmoa bertan behera uzteko exijitu zioten Laboral Kutxari. Gasteizko Kontseilu Sozialistak eta Errakik deitu zuten manifestazioa.
Atzo, Gasteizen, Zentro Sozialistaren alde eginiko manifestazioa.ERRAKI
Antolatzeko espazioen beharrezkoak direla nabarmendu zuten deitzaileek, eta «langile kontrolpeko espazioak defendatzeko ahalmena handitzearen garrantzia» nabarmendu zuten. «Azken batean, klase borrokan, bakerik ez dago. Gu borrokarako prest gaude».