Pandemiak hala aginduta, Gipuzkoako ikastolen aldeko festa ere egokitu egin behar izan dute. Gaur eman dituzte hari buruzko xehetasunak, Ordizian (Gipuzkoa) egin duten prentsaurrekoan. Festa Ordizian bertan, Beasainen eta Lazkaon egingo dute, Andramendi, San Benito eta Jakintza ikastolek antolatuta. Urriaren 3a izango da egun nagusia, eta Batera, bagara, bat gara leloa aukeratu dute festarako. COVID-19ari aurre egiteko neurriak medio, izena ematea derrigorrezkoa izango da ekintzetan parte hartzeko. Horretarako aukera zabalik dago gaurtik aurrera, Ikastolen Elkarteko webgunean. Egitarauarekin batera, kanta ere aurkeztu dute.
Urriaren 3rako antolatu dituzten ekitaldien berri eman dute Itziar Flores Beasaingo Andramendi ikastolako, Xabi Maiza Lazkaoko San Benito ikastolako eta Larraitz Garmendia Ordiziako Jakintza ikastolako kideek. Azaldu dutenez, batez ere, haurrei eta gazteei zuzendutako ekintzak antolatu dituzte urriaren 3rako. Bost espaziotan banatuta egingo dute jaia: hiru Ordizian egongo dira eta bana Beasainen eta Lazkaon. Ordizian, Jakintza ikastolan, ekitaldi nagusia egingo dute; Barrena parkean, Lehen Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetako ikasleek jolasak eta ikuskizunak izango dituzte; eta Oiangu parkea Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gazteentzat izango da, eta, hiru herrien artean ibilbide bat egiteaz gain, bazkaria eta kontzertua ere izango dituzte. Beasainen, berriz, Haur Hezkuntzako eta LH1ko eta LH2ko ikasleak Igartza parkean elkartuko dira jolaserako, eta Lazkaoko ikastola LH5eko eta LH6ko ikasleentzat atonduko dute.
Baina Kilometroak ez dute urriaren 3ra mugatuko. Datorren astelehenean hasiko dira lehen ekintzarekin: Kilometroak bidea erakusketa zabalduko dute Ordiziako Barrena jauregian, hilaren 17ra arte; hilaren 20tik 24ra, Beasainen egongo da; eta irailaren 27tik urriaren 1era, Lazkaon. Bertso saioak ere antolatu dituzte: Lazkaon hilaren 17an egongo dute; Beasainen, hilaren 24an; eta Ordizian, urriaren 1ean. Egun nagusiaren bezperan ere herri bakoitzean ekitaldi bat egingo dute: Ekirock eta euskal joko eta kirolak izango dira Ordizian; Haatik dantza taldearen ikuskizuna Beasainen, eta Eneko Dorronsoro eta Fredi Pelaezen kontzertua Lazkaon. Gainera, «gogoetarako» tartea ere zabaldu nahi dute. Horretarako, Ikastolen Elkarteak aurkeztutako hezkuntzari buruzko endekalogoa aztertuko dute, irailaren 30ean hiru ikastoletan egingo dituzten foroetan.
Eredu berria garatzen
Kilometroak festak eredu berria izango duela iragarri zuten. Nekane Artola Kilometroak kultur elkarteko lehendakariak azaldu duenez, pandemiak baldintzatu du aldaketa: «Ez da guk nahi genukeen garapenik egon, baina egoera honek aukera eman digu gauzak beste era batera egiteko, adibidez, parte hartzeari toki gehiago emanez». Espero du datorren urtetik aurrera eredu berriak «beste garapen bat» edukitzea.