Nekazaritza

Caparrosoko makroetxaldearen auzian neurriak hartzeko eskatu diete zenbait elkartek Nafarroako parlamentariei

Behitegian gertatzen diren irregulartasunak salatu dituzte talde ekologistek.

Behiak Caparrosoko (Nafarroa) behitegia. GORKA RUBIO / FOKU
Olaia L. Garaialde.
2021eko irailaren 10a
14:17
Entzun

Hondakinak errekara zuzenean jaurtitzen direla eta nitratoek gora egin dutela salatu dute Caparrosoko (Nafarroa) behitegiaren inguruan hainbat elkartek egindako txostenean. Txostena Nafarroako Parlamentura eraman dute, eta gobernuari neurriak hartzeko exijitu diote.

Txostenean behitegian gertatzen diren irregulartasunak azaldu dituzte, eta horrek ingurumenean duen eragina salatu dute. Besteak beste, Alnus, Mugarik Gabe, Sustrai Erakuntzak, Iruña Gerora eta Landareko Batzordeak sortu dute txostena. «Abeltzaintza industriala ez da eredua; interes ekonomikoak eta irabaziak lehenesten ditu pertsonengan, lurraldekoengan, lehen sektorean eta ingurumenean dituen ondorioak kontuan hartu gabe», azpimarratu dute elkarteek, gaur Iruñeko Katakraken egindako aurkezpenean.

Begoña Izquierdo Hacendera elkarteko kideak adierazi duenez, Nafarroako parlamentariei «irregulartasun larrien» eta «ingurune delituen» berri eman nahi diete. Behin informazioa edukita, Nafarroako Gobernuari hiru eskaera egin dizkiote, klima larrialdiari aurre egiteko: abeltzaintza intentsiborako lizentzia berri gehiagorik ez sortzea, eta dagoeneko daudenak berrikustea; abeltzaintza estentsiboa bultzatzen duten Europako politiketan oinarritzea; horretarako, ukuilu txiki eta ertainak sustatuz; eta hondakinen lekualdatzea geldiaraztea.

Hemeretzi zigor dagoeneko

Makroetxaldeak ingurumenean «izugarrizko kalteak» eragin dituela azpimarratu duIzquierdok. Besteak beste, aipatu du Valle de Odietak enpresak hemeretzi zigor jaso dituela, eta hala ere «inpunitatez» jokatzen jarraitzen duela. Horrez gain, gehitu du hala nola Bardeako natura erreserban kalteak eragin dituela.

Horrekin batera, azaldu du makroetxaldetik datozen hondakinen lekualdatzeak eragina izan duela ondoko udalerrietako ur horniketan: «Nitratoek gora egin dute, eta Alesbesen, esate baterako, ura ez da edangarria». Arazo horrengatik kaltetuak izan diren batzuek ere hitz egin dute; Javier Fabo Alnus talde ekologistako kidea da, eta kaltetu batzuen izenean hitz egin du: «Martzilla beti egon da oso lotua urarekin, eta ikusi dugu nola jaisten zen kutsadura errekatik».

Izquierdok behien egoerari erreferentzia egin die: «Hil arte esplotatzen dituzten objektuak dira». Hala ere, deus gutxi aipatu dituzte bertan esplotatzen dituzten behiek sufritzen dituzten ondorioak; batez ere klima ondorioetan zentratu dira.

Valle de Odietak are behitegi handiago bat jarri nahi du Nafarroako Erriberatik ez oso urrun, Noviercasen (Soria, Espainia). Makroetxalde horretan 20.000 behi sartu nahi ditu kooperatibak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.