Energia

Nord Stream 2 gas hodia bukatutzat jo du Gazpromek

Errusiako gasa eramango du Alemaniara Itsaso Baltikoaren azpitik, eta negurako has daiteke hornidura, Gazpromen arabera

Alemaniako agintari batzuk gas hodiaren lanetan. CLEMENS BILAN / EFE
xabier martin
2021eko irailaren 10a
11:17
Entzun

Errusiako erraldoi Gazpromeko kontseilari ordezkari Alexei Millerrek eman du albistea gaur: Nord Stream 2 bukatu egin dute, eta luze gabe Errusiatik Alemaniara gasa eramaten hasiko da, itsas baltikoaren azpitik. Europako zenbait herrialdetan kezka geopolitiko handiak eragin dituen proiektua da Nord Stream 2, eta Gazpromek zuzendu du, nahiz eta nazioarteko beste hainbat konpaniak ere parte hartu duten lanetan: Frantziako Engie, Alemaniako Unuper eta Wintershalll, Austriako OMV eta Erresuma Batuko Shell. Gas hodia urtea amaitu aurretik martxan egotea espero dute.

2021. urterako jadanik, 5.600 milioi metro kubiko gas eraman dezake hodiak, Gazpromenen aurreikuspenaren arabera, eta urtero, Europa osora 55.000 milioi metro kubiko gas garraiatu ahal izango du Errusiatik. Europako Batasuneko ekialdean kezka handia eragin du proiektu horrek, Errusiarekiko mendekotasun energetikoa handituko duelako. Vladimir Putinek burdinezko eskuarekin zuzentzen duen potentziak, halaber, Ukrainako gas hodiaren mendekotasuna atzean utziko du gasa Europara eramateko helburuan.

AEBak proiektua geratzen saiatu dira, isunen bidez batik bat, Nord Stream 2 gas hodiak Errusia indartzen duela uste duelako, eta Ukrainaren segurtasun enegetikoarentzat arrisku handia delako. Era berean, Washingtonek sarritan azpimarratu du Europa Errusiaren mendeko handiagoa bihurtuko duela gas hodi berriak. Dena den, Joe Bidenen administrazio berriak aitortu zuen, uztailean, dagoeneko ezin zela gerarazi proiektua, eta bidea zabalik utzi zuen.

2019ko krisia

2019ko abenduan, ordea, gas hodiaren lanak geratzea lortu zuten AEBeek, isun ekonomikoak tarteko. Suitzako Allseas konpaniak uko egin zion proiektuan jarraitzeari, eta hura zen itsas azpiko tartea eraikitzearen arduraduna. Orduan, Putinek aurrerapauso bat eman zuen, eta proiektuaren ardura osoa Gazpronek eta Errusiak hartuko zutela iragarri zuen, baldin eta beste enpresen ukoak iristen baziren. Urtebete egon zen Nord Stream 2 geldirik, haren alternatibak aztertzen ziren bitartean, baina Moskuk hartu zuen bere gain eraikuntzaren azken fasea, eta Nord Stream 2 bukatutzat jo dute gaur.

Gas hodiak bost herrialderen lurrak edota urak zeharkatzen ditu: Errusia, Finlandia, Suedia, Danimarka eta Alemaniarenak. Gazpromeko kontseilari ordezkari Alexei Millerrek esan du gasa merkatu egingo duela Europako erabiltzaileentzat, gas hodiaren ibilbidea laburragoa delako Ukraina zeharkatzen duenaren aldean. Izan ere, 2.000 kilometro gutxiago egin beharko ditu gasak Alemaniara iristeko, Nord Stream 2 hodiaren bidez.

Berlin da, Moskurekin batera, gas hodi berria egitearen defendatzailerik handiena. Angela Merkelek ozen babestu du Nord Stream 2. Hura martxan jartzen denean Ukrainako gas hodiak zer-nolako jarduera izango duen da zalantza nagusia orain, eta horrek nola eragingo dion Errusiaren aurrean mendebaldeko aliatuaren rola jokatzen duen herrialde bati: Ukrainari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.