79 eguneko okupazioaren ondotik, erantzuna eman dio Arbonako lurren jabeak Safer laborantza lurrak kudeatzen dituen egiturari. ELB laborarien sindikatuak eta Lurzaindia elkarteak gaur arratsean eman dute jakitera. Salmenta geldiaraztea lortu dute: erosle gaia erretiratu egin da prozesutik. Hala eta guztiz ere, jabeak ez du onartu Safer egituraren lehentasunez erosteko galdea. Oraingoz, beraz, Lurzaindiak eta ELBk Saferrekin eta jabearekin negoziatzen segituko dute. Izan ere, jabeak proposatu dio Safer egiturari ondasun guziak hark ezarritako prezioan erosteko. Negoziazioak iraunen duen bitartean, okupazioarekin segituko dute, «indar harremanarekin segitzeko».
Jendetza bildu da Arbonako okupazioan. 20:00etan prentsaurrekoa eginen dute ELBk eta Lurzaindiak, jabeak SAFER egiturari erantzuna eman diolako. Okupazioaren geroa dago jokoan, beraz. @berriapic.twitter.com/W6BVl62i1Q
— Oihana (@oi_tsr) September 9, 2021
Berria pozez hartu dute arratsean bertaratu diren ehunka lagunek. Dominique Ameztoi ELBko kideak nabarmendu du «herri proiektua» dela Arbonakoa. Hala, herritarrei dei egin die segidari buruzko proposamenak egiteko.
Gainera, Euskal Hirigune Elkargoa negoziazio prozesura batzea «lorpentzat» jo dute ELBk eta Lurzaindiak, eta hautetsiekin batera lurraren kudeaketari buruzko hausnarketak eginen dituztela erran dute.
Duela zenbait hilabete, Lurzaindia elkarteak jakin zuen Arbonako (Lapurdi) laborantza lur batzuk salmentan ezarri zituela jabeak; hamabost bat hektarea lur eta hiru etxebizitza: nagusi bat eta ondoko bi bazter bastiza. Ondasuna hiru milioi eurotan erostekotan zen andre bat, eta, hain zuzen, «prezio espekulatiboa» salatzeko hasi zuten okupazioa ELBk eta Lurzaindiak. Laborantza lurrak okupatu zituzten duela 79 egun. Uztailaren 15etik goiti, etxe nagusian sartzea deliberatu zuten, eta bertan segitu dute orain arte. Anartean, Safer laborantza lurrak kudeatzen dituen egiturak lurrok erosteko lehentasunezko galdea egina zuen, 100.000 eurotan. Negoziazio luze eta katramilatsu baten ondotik, erantzuna jaso zuen, beraz, Safer egiturak, jabeak irailaren 16a zuelarik erantzuteko azken epea.
Erosle gaiak zin egin du ez duela erosiko, ez orain, ez nehoiz. Jabeak, berriz, SAFERari galdetzen dio ondasun guziak erosteko 3milioi eurotan. Negoziaketekin segituko dute oraindik ere. Elkargoak ere parte hartuko du negoziaketan. @berria
— Oihana (@oi_tsr) September 9, 2021
Abuztu bukaeran, gainera, BOST Berroetako Okupazioko Sostengu Taldea sortu zuen herritar talde batek okupazioa biziarazteko helburuarekin. Erantzuna ukan berritan, deliberatu dute aitzina segitzea.