Teknologia

Sopela eta New York lotuko dituen ur azpiko kable bat hasi da jartzen Google

Googlen erabilera esklusiborako izango da, eta segundoko 340 TB datu garraiatuko ditu zuntz optikoaren azpiegiturak.

Javi West Larrañaga.
2021eko irailaren 9a
17:52
Entzun

Sopela (Bizkaia), New York (AEB) eta Cornwall (Ingalaterra) lotuko dituen zuntz optikozko kablea lurperatzen hasi da Google. Ozeano Atlantikoa gurutzatzen duten tankera horretako kableen artean, datuak garraiatzeko gaitasunik handiena dutenetako bigarrena izango da. Euskal Herrian hasi dituzte lanak, eta bi hilabete inguru beharko dituzte New Yorkerainoko bidea egiteko.

AEBetako teknologia multinazionalak Sopelan bertan eman du egitasmoaren xehetasunen berri. Han izan dira Jaurlaritzako eta Bizkaiko Aldundiko ordezkariak. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen sailburuak adierazi du Bizkaiko zerga sistema izan dela azpiegitura erakartzeko gakoetako bat: «Beharrezkoak diren laguntzak, fiskalitate ikuspegitik, ez daude beste lekuetan». BERRIAK Googleri galdetu dio zenbateko kostua izango duen proiektuak, baina enpresak erantzun du ezin duela argitu.

Tapiak azpiegitura berriaren garrantzia goratu du: «Euskadik bere etorkizuna eta industria bermatzeko beharrezkoak ditu horrelako azpiegiturak». Bertoko enpresei kanpoan dauzkaten lantegiekin eta enpresekin konektatzeko balioko diela azaldu du, eta aurreratu du gehiago etorriko direla: «Gure herriari etorkizuna emateko ezinbesteko azpiegiturak dira».

Miguel Escassi Google Espainiako harreman instituzionalen zuzendariak azaldu duenez, kableak Google Maps eta Googleren bideokonferentzia zerbitzuak hobetzen lagunduko du. Gaineratu du enpresei Internet konexiorako abiadura handiagoa emango diela ezinbestekoak dituzten konputazioak egiteko. Hurbilagoko onurak azaltzean, nabarmendu du kablea Sopelara heltzeak abantailak dakarzkiola herriari, eta etorkizunean beste kable batzuk jartzeko aukera handiagoa izango duelako, eta eragin handia izan dezakeelako herriko ekonomian.

Googleren erabilera propiorako azpiegitura bat izango da. Hala zehaztu du Arturo Azkorra Espainiako Gobernuko telekomunikazio eta ikus-entzunezko zerbitzuen antolaketa zuzendariak. Enpresak inbertsio ekonomiko garrantzitsua egin duela nabarmendu du. Ur azpitik doazen zuntz optikozko kable gehienak azpikontratatu egiten dira, eta jabe bat baino gehiago dute. Azkorrak adierazi du itsasontziak bi hilabete inguru beharko dituela kablea New Yorkeraino jartzeko. Itsasontziak abiadura jakin bat behar du uretan aurrera egiten duen bitartean kablea jartzeko kablea.

Ikusi gehiago:Joseba Zubia EHUko katedraduna: «Abantaila izugarria izango da etxekoentzat eta enpresa handientzat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.