Teknologia

‘Xavier’, Singapurko kaleak patruilatzen diharduen polizia robota

Jokabide desegokiak hautematen ditu, eta horiek zuzentzeko mezuak igortzen dizkie herritarrei. Euskaratik datorkio izena, eta beste robot batetik eratorritako «bertsio berri bat» delako jarri diote Xavier.

'Xavier' robota, Singapurren.
Nagore Arin.
2021eko irailaren 9a
13:00
Entzun

Jarrera desegokiak hauteman eta horiek egin dituzten herritarrei gaizki jokatzen ari direla adierazi. Horixe izaten ari da irailaren 5az geroztik Xavier deituriko polizia robot baten jarduna: Singapur du bizitoki, eta hango poliziei lana errazteko asmoz eta herritarren osasuna eta segurtasuna bermatzeko asmoz sortu dute. HTX Agentziaren, Ingurumenaren Agentzia Nazionalaren, Lurreko Garraioaren Agintaritzaren, Singapurko Elikagai Agentziaren eta Etxebizitza eta Garapen Batzordearen arteko proiektu bateratu baten emaitza da, eta hiru astez Toa Payoh Central inguruko kaleak eta txokoak patruilatuko ditu.

Izen euskalduna du, eta beste robot batetik eratorritako «bertsio berri bat» delako jarri diote izen hori; izan ere, Xabier etxe berri hitzetatikdator, eta horixe islatu nahi izan dute izena jartzerakoan. Edonola ere, ez dute argitu XVI. mendean Asia aldean misiolari ibilitako Frantzisko Xabierkoaren eraginez aukeratu duten izena, edo X-Men superheroi taldeko sortzaile Charles Xavierrengatik.

Askotariko jarrera desegokiak hautemango ditu. Esaterako, kargu hartuko dio erre ezin daitekeen ingurune batean erretzen dagoenari, eta behar ez den tokian utzitako bizikleta baten jabeari, berriz, toki horretan ezin duela bizikletarik utzi gogoraraziko dio. Gainera, koronabirusaren izurriarengatik adostutako neurriak betetzen ez dituztenei ere abisuak emango dizkie; elkarren artean distantziarik mantentzen ez dutenei, adibidez, edota baimendutako pertsona kopuru jakina baino handiagoko taldeei.

Jokabide horietako bat hautemanez gero, alerta bat piztu eta denbora errealean aginte eta kontrol zentroetara bidaliko du. Eta alerta hori igortzeaz gain, mezu egokiak eta hezitzaileak erakutsiko dizkio kargu hartu dion herritarrari, eta egin duena gaizki dagoela adierazi, hurrengo batean gauza berbera egin ez dezan.

Goi mailako tresneria

Xavier robotaren jardun hori posible bada, soinean dituen gailu eta tresna guztiengatik da. Denetarik du: nabigazio autonomorako sentsoreak, aginte eta kontrol zentroetara bidaliko dituen 360 graduko bideo nahiz irudiak, denbora errealean egindako analisiak, jendearekin harremanetan jartzeko panel interaktibo bat, eta abareta abar. Ekipamendu konplexu horri esker, ofizial publikoek momentuan momentuko eta tokian tokiko informazio erreala izango dute, eta aldi berean beste hainbat robot monitorizatzeko eta kontrolatzeko gai izango dira.

Cheng Wee Kiang HTX Agentziako kidearen arabera, zenbait aurrerapauso ekar diezazkieke Xavier gailua beren jardunean integratzeak: «Sinergia horri esker, gobernu agentziek teknologia optikoko ekosistema sendo bat eraiki dezakete, eta herritar guztien osasuna eta segurtasuna hobetzen jarraitu». Lily Ling Singapurko Elikagai Agentziako kideak ere gisa horretako roboten jarduna goraipatu du: «Lurreko roboten hedapenari esker, gure zaintza baliabideak indartu ahal izango ditugu».

Aurrekorik bada

Xavier robotaren figura berritzaile gisa izendatu badaiteke ere, aurrez izan da bestelakorik Singapurren. Pandemiaren goraldi betean ere sarri ikusi izan dira, lorategi eta erreserba naturaletan, jendeari urruntasun sozialari buruzko arauak eta gomendioak gogorarazteko eta horiek bete ditzaten galdegiteko. Baita ospitaleetan eta osasun arloko bestelako azpiegitura batzuetan ere, bertako gelak zein guneak desinfektatzen. Oraindik orain, maiatzean, Singapurko Gobernuak robot autonomoak erabiltzeko urtebeteko plan bat jarri zuen abian, elikagaiak batetik bestera zein enkarguz garraiatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.