Astearte goiz honetan aurkeztu du Bertsularien Lagunak elkarteak 2021eko Xilaba. 2020. urtea marraturik agertu dute komunikazio euskarrien azalean, nahi gabe eta atsekabez gelditu behar izan baitzuten txapelketa iaz. 28 bertsolarik hasi bazuten Xilaba joan den urtean, aurten 24k eman dute izena. Lau kanporaketa eginen dituzte, irailaren 18tik hasiz, Makean (Lapurdi); hiru finalerdi eta finala, azaroaren 13an, Donibane Lohizunen. Zortzi saio izanen dira denetara.
Ikus-entzuleak errezibitzen dituzten gertakariei legeak behartu neurriak jarraituz eginen da Ipar Euskal Herriko txapelketa hau; osasun ziurtagiria eskatuz, hots.
Nafarroako eta Bizkaiko txapelketekin batera gertatzen da Xilaba, pandemiak eragin aldaketak direla kausa. Bertsozale elkartean lurraldeen artean koordinatuz antolatu dituzte saioak, eta, bereziki, finalak, ez daitezen batean gerta. Ipar Euskal Herritik, jada sailkatuak diren Amets Arzallus eta Sustrai Colina bertsolariez gain, beste 3 sailkatuko dira Xilaba honetatik heldu den urtean egitekoa den Euskal Herriko bertsolari txapelketa nagusirako.