Frantziako aktorerik ezagunetako bat zen Jean-Paul Belmondo. Nouvelle Vague (olatu berria) mugimendu zinematografikoaren ikurretako bat izan zen, eta Jean-Luc Godard edota François Truffautrekin lan egin zuen, besteak beste. Mende erdiko ibilbidean 80 film baino gehiagotan parte hartu zuen. Gaur hil da, 88 urte zituela, Michel Godest haren lagun abokatuak berri agentziei jakinarazi dienez: «Lasaitasun handiarekin itzali da».
Artista familia bateko semea, 1933an jaio zen, Parisko Neully-Sur-Seine auzoan: aita italiar jatorriko eskulturgile bat zen; ama, aldiz, margolaria. Lizeoko liburuek erakarri ez, eta kirolari lotuta eman zituen gazte garaiak: txirrindularitza, futbola, eta, batez ere, boxeoan aritu zen, harik eta 16 urterekin tuberkulosi gaitz baten ondorioz izandako krisi existentzial baten ondotik, aktore izatea erabaki zuen arte.
Antzerkian hasi zuen bere ibilbide artistikoa, eta Arte Dramatikoko Kontserbatorio Nazionalean ikasi zuen. Hastapenak ez ziren errazak izan, halere; asmo guztiak alboratzekotan izan baitzen kontserbarioan egin zuen hautaproba baten ezezkoa jaso zuenean. Kontatzen dutenez, epaimahaiari iseka egin zien.
1957an eman zuen zinemarako jauzia, Maurice Delbez zinemagilearen À pied, à cheval et en voiture filmarekin, baina haren sekuentzia gehienak muntaketa lanetan ezabatu zituzten. Aktore lanetan jarraitu zuen, halere, eta hainbat filmetan parte hartu zuen ondorengo urteetan. Horietako batean bereganatu zuen, hain zuzen ere, Jean Luc Godard zinemagilearen arreta. Film labur bat egitea proposatu zion hark. Zalantzak izan zituen hasiera batean, onartu edo ez, baina tematuta zegoela ikusita baietz esatea erabaki zuen: Charlotte et son Jules film laburra egin zuten elkarrekin.
Hura izan zen ibilbide eta elkarlan arrakastatsu baten lehen harria, hari esker egingo baitzen ezagun mundu osoan. 1960an izan zen, dagoeneko zinemaren historiara igaro den lan bati esker: À bout de soufflé. Klasiko bat, ikur bat bilakatu zen filma Frantzian, eta Belmondo bera, izar bat.
Nouvelle Vague mugimenduko zinemagile handiekin egin zuen lan gero: hala nola François Truffaut, Alain Resnais, Jean-Pierre Melville edo Claude Chabrolekin. Urteek aurrera egin ahala, seduktore eta abenturazale lotsagabe rolak egin zituen batik bat, eta ezagun egin zen akzio eszenak berak egiten zituelako. La Sirene du Mississipi, Une femme est une femme edo Le voleur dira, besteak beste, garai hartako filmik esanguratsuenak.
2001ean iktus bat izan zuen, eta harrezkero, gutxi izan dira jendaurrean egin dituen agerraldiak. 2011n, esaterako, Cannesko zinema jaialdiaren omenaldia jaso zuen, «inoizko aktore frantziarrik handienetakoa» delakoan. Eta, 2016an, berriz, Veneziako zinemaldiko Urrezko Lehoia jaso zuen ibilbide profesionalaren aitortza gisara. «Nire bizitzan zehar dena izan dut. Ez dut damurik. Egin nahi nuen guztia egin dut», esan zuen orduko hartan.