COVID-19aren kontrako txertaketa kanpainak aitzina segitzen du Nafarroan, eta, hain zuzen, emandako pausoen seinale dira gobernuko Osasun Departamentuak prozesuaren kudeaketarekin loturiko aldaketak: herrialdeko txertaketa azpiegitura handiak ixten hasiko dira. Zehazki, Osasunbideak datorren astearen hondarrean itxiko ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoko kiroldegian eta Maristen egoitzan jarritako txertaketa guneak; irailaren 16an eta 17a izanen dituzte azken egunak, hurrenez hurren. Kontrara, Foremekoak martxan jarraituko du, bai ordua hartuta zizta hartu behar dutenentzat, baita aldez aurretik ordua eskatu gabe txertatu nahi dutenentzat ere.
Halaber, Tuterako Jesuiten kiroldegiko txertaketa gunean irailaren 20an emanen dituzte COVID-19aren kontrako azken ziztak. Sofia Erregina ospitalean segituko dute kanpainarekin.