Unai Romano 2001eko irailaren 6an atxilotu zuen Guardia Zibilak, Gasteizen, ETAri laguntzea leporatuta (errugabetu egin zuten gero). 30 orduz inkomunikaturik eduki zuten, Madrilen, erietxera eraman behar izan zuten arte. Han, argazkia egin zieten 25 urteko gaztearen aurpegi-buru handitu eta ubelduraz josiei. Gutxitan lortu da torturak salatu berri dituen atxilotu baten egoera fisikoaren argazkirik. Horregatik, ikoniko bihurtu da Romanoren kasua, hitzez hitz zein figuratiboki. Gaur ere, tarteka zabaltzen da haren irudia sareetan, baita gezurra esateko ere, baina, beti, torturaren izugarrikeriaren ilustrazio ezin hobe gisa.
Atxilotu zuten egunean bertan hasi ziren funtzionarioak Romano jipoitzen, berak Gaztezulo aldizkariari sei urte geroago kontatu zionez. Salatu zuenez, etengabe jo zuten buruan, hainbat jipoi saiotan, eta, besteak beste, elektrodoak jarri zizkioten barrabiletan eta belarrietan.
Bere burua auzi mediku gisa aurkeztu zuen baten bisita eduki zuen lehenengo egunean. Ordurako, burua minduta eta gorrituta zeukan kolpeen ondorioz, baina emakumeak esan zion berak ez zuela ezer ikusten eta dena ondo zegoela. Bigarren aldian, ordea, izutu egingo zen, gaztea erietxera eramateko esan baitzuen. Hanturak itsuturik heldu zen Romano erietxera, eta han hainbat proba egin zizkioten, garunean kalterik ote zuen ikusteko, besteak beste. Han atera zioten gero ospetsu bihurturiko argazkia.
"A las 4.00 del día 6 de setiembre de 2001, estoy durmiendo y me despiertan unos ruidos.
— Igor Goikolea (@goikoleaigor) February 14, 2020
Salgo al pasillo y veo unos guardias civiles discutiendo con mis padres. Me acerco y me preguntan si soy Unai Romano, a lo que contesto que sí (...) pic.twitter.com/VBK5kSbNZp
Ez zen hor amaitu gaztearen amesgaiztoa; ondorengo orduetan psikologikoki torturatzeari ekin ziotela salatu zuen. Besteak beste, haren ama atxilotu zutela eta tortura saioan hil zitzaiela sinetsarazi zioten.
Torturatu egin zutela kontatu zion Romanok Guillermo Ruiz Polanco epaileari, eta hark adierazi zuen ez zuela salaketa sinesten, nahiz eta gaztearen egoera begi bistakoa izan. Gaur Espainiako Barne Ministro den Fernando Grande-Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailea zen orduan, eta hark ere ez zuen onartu gazteak gero aurkeztu zuen salaketa, argazkiak aurkeztu zizkioten arren.
Romanok Estrasburgoko auzitegira jo zuen 2007an, argudiatuta Espainiako epaitegietan ez zutela behar bezala ikertu bere salaketa. Oraindik ez da heldu Estrasburgoko Giza Eskubideen Epaitegiaren erabakia, baina auzitegi horrek dagoeneko zortzi aldiz zigortu du Espainia, salaturiko torturak behar bezala ez ikertzeagatik. Azken ebazpena aurtengo urtarrilean plazaratu zuen, Iñigo Gonzalezek jarritako salaketari erantzunez.
Eusko Jaurlaritzak eta Kriminologiaren Euskal Institutuak 2017an eginiko ikerketan, 4.100 tortura salaketa jaso zituzten, 1960. eta 2014. urteen artean eginikoak. Horietako %70 Franco hil ondoren eginikoak lirateke. Guardia Zibilaren ingurukoak dira salaketetatik 1.985, Espainiako Poliziari buruzkoak 1.792, eta Ertzaintzari leporaturikoak 336. Torturak salatu zituztenen %43 askatu egin zituzten, horietako asko kargurik gabe.
Txostenean jaso zutenez, bakarrik hogei epai eman zituen Espainiako Auzitegi Nagusiak ordura arte tortura salaketon inguruan, eta 49 funtzionario zigortu zituzten.
Bi hamarkada geroago, Romanoren argazkiak berriz zabaltzen jarraitzen dute sare sozialetan. Carles Puigdemont Kataluniako gobernuburu erbesteratuak iazko otsailean argitaratu zuen Twitterreko bere kontuan.
No deixeu de llegir ni un dels tuits d'aquest fil. És una monstruositat. I sí, va ser a la Unió Europea. https://t.co/gIdSF2QATi
— Carles Puigdemont (@KRLS) February 14, 2020
Eta Gabriel Rufian Kataluniako ERC alderdiko diputatuak Espainiako Kongresuan irakurri zituen Romanoren deklarazioaren zati batzuk 2018an, eta argazkia erakutsi zuen.
Irudia, edonola ere, ez da beti egiaren lekuko gisa agertu. Azkenekoz, uztailean atera zen plazara, Kuban gertaturiko istiluen harira. Orduan, albiste faltsuak sortzeko erabili zuten, Kubako Poliziak eginiko torturaren ondorioa zela esanda. Berehala gezurtatu zuten Romanoren kasua ezagutzen zuten sareen erabiltzaileek.
La desinformación es el arma principal del golpismo y en #Cuba están generando miles de fake news sobre eventos que en realidad no ocurrieron en ese país. Por ejemplo, este Jordan Díaz NO EXISTE, las imágenes corresponden a Unai Romano torturado en España. #SomosContinuidadpic.twitter.com/YoJcM9u6Ep
— El indio nicaî¨Â€ (@indio_nica) July 13, 2021