Durangoko 56. Azoka

Durangoko Azokak bisitariak izango ditu berriz

Azoka hibridoa antolatuko du Gerediaga elkarteak, abenduaren 3tik 8ra, saltoki digitalari eutsiz baina jende talde mugatu bati azokara joateko aukera emanez. Izena emateko epea irailaren 19ra arte egongo da zabalik.

Durangoko Azoka jendez gainezka, 2019an. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iñigo Astiz - Ane Eslava
2021eko irailaren 6a
12:47
Entzun

Bisitari kopuru mugatuarekin eta osasun baldintzetara egokituta, baina edizio fisikoa izango du Durangoko 56. Azokak. Abenduaren 3tik 8ra azokak berriz ere bisitariak jasoko dituela iragarri du Gerediaga elkarteak ohar bidez, eta gaur zabaldu du Landako gunean egon nahi duten saltzaileentzako izena emateko epea. Parte hartu nahi duten argitaletxe, diskoetxe, ekoiztetxe, elkarte, erakunde, banatzaile eta autoekoizleek irailaren 19ra arte izango dute horretarako aukera, durangokoazoka.eus webgunearen bitartez.

Gerediaga elkarteak aurrez aurrekoaren aldeko «apustua» egitea erabaki du, beraz, «Landakon mahaiak jarriz, bisitariak gonbidatuz eta urteroko sortzaile eta kulturzaleen arteko harremanak berreskuratuz»; eta aitortu du aurtengo azoka «erronkaz beteta» egongo dela.

Hibridoa izango da azoka, halere: erdiz presentziala eta erdiz digitala. Bisitari kopuru mugatu batek salmahaiak bertatik bertara ikusi ahal izango ditu, «momentuko osasun neurrietara egokituz eta segurtasuna bermatuz»; ordea, Durangora joaterik ez dutenek webgunearen bidez ere egin ahalko dituzte erosketak, iaz bezala. Beraz, aurten erakusmahaia alokatzen duten guztiek modu presentzial eta digitalean hartuko dute parte Durangoko Azokan.

Sormen Bekaren deialdia ere zabalik dagoela jakinarazi du Gerediaga elkarteak. Aurten laugarren aldia izango du, eta edozein generotako kultur sorkuntza digitalean oinarrituko da. Sortzaile berriei zuzenduta dago, eta parte hartzaileek praktika edota espresio artistiko batean oinarritutako lan digital bat sortu beharko dute, alde fisikoarekin uztartu ahal izango dena. Hitzak barne dituen sormen lana bada, euskara hutsezkoa izan beharko du, egitasmoaren helburu nagusia euskarazko sorkuntza sustatzea baita.

Irabazleak 15.000 euroko diru saria jasoko du, bai eta sorkuntza prozesurako eta plazaratzeko laguntza ere. Izena emateko epea irailaren 21era arte egongo da zabalik. Proiektuak aurkezteko informazio zehatzagoa aurki daiteke durangokoazoka.eus webgunean.

Iazko esperientzia

Iaz, azoka bisitaririk gabe egitea erabaki zuen Gerediaga elkarteak, pandemiak ezarritako murrizketen eraginez. Saltoki digital bat antolatu zuten ohiko azokaren ordez. Azokaren webgunera bideratu zituzten salmenta guztiak bost egunez, eta biltoki bilakatu zuten Landako gunea. Han jasotzen zituzten eskariak Gerediaga elkarteko kideek, han egiten zituzten paketeak, eta handik egiten zituzten bidalketak.

Arrakastatsutzat jo zuten esperientzia hura antolatzaileek, eta «hunkituta» ere azaldu ziren herritarrek azaldutako babesarekin. Guztira 28.000 produktu saldu zituzten saltoki digital horren bidez, eta, elkarteak emandako datuak gurutzatuz, 413.000 euro inguru mugitu zirela ondoriozta daiteke. Azokaren balorazioan bertan adierazi zuen Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak alde presentziala berreskuratzeko asmoa, eta gaur bidalitako oharrarekin baieztatu dute asmo hori.

Kolpeko etena

Zuzeneko emanaldietarako ere murrizketa handiak izan zituzten antolatzaileek. Azokaren parte diren guneek aurkezpen, kontzertu eta emisio programa antolatu zuten azoka egunetarako, eta webgunearen bidez zabaldu zituzten guztiak. Une hartan indarrean ziren neurri murriztaileen ondorioz, ordea, ikusle kopuru txiki bat baino ezin izan zuten izan aurrez aurre sortzaileek zuzeneko emanaldietan, eta Durangoko zein mugakide ziren herritako biztanleek soilik izan zuten emanaldietara bertaratzeko aukera.

Kolpean eten du azokaren hazkundea koronabirusaren krisiak. 120.000 bisitari jaso zituen duela bi urte, esaterako, pandemia lehertu aurreko azken aldian. Eta kopuru horretatik urrun geratuko da aurten gehienez ere jaso ahalko duen jende kopurua. Horrekin batera, sorpresa handirik ezean, osasun larrialdiaren aurreko kopuruetatik urrun geratuko da aurtengo aldiaren eragin ekonomikoa ere, Siadeco ikerketa enpresak egindako azterketaren arabera, sei milioi euro mugitzen baitzituen azokak pandemia aurretik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.