Ander Garcia PPko gaztedietako kideak Ertzaintzari deitu zion larunbat gauean, eta alderdi horretako kide izateagatik eraso ziotela salatu zuen. Ondoren, hogei urteko emakumezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak.
Garciaren salaketaren arabera, Gasteizko Florida kalean gertatu zen erasoa, dantzaleku baten atarian. Emakumezkoa hurbildu eta, «fatxa» deituta, ukabilkada bat eman ziola adierazi du PPko kideak. Erasotzaileak «gora ETA» esan ziola gaineratu du Garciak.
Ertzaintzaren patruilak heldu ziren lekura, eta emakumezkoa atxilotu zuten, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren arabera. Bihar epaituko dute emakumea.
Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkari Denis Itxasok elkartasuna adierazi dio PPko kideari, eta ezker abertzalearen kontra jo du; «gorrotoari erabakitasunez» aurre egin behar diola adierazi du.
«Eraso abertzalea» salatu zuen atzo Espainiako PPko buru Pablo Casadok, Twitterren zabalduriko mezu batean. «Haiekin itunak egin ordez, Gobernuak Bilduren inguruko indarkeriari aurre egin behar dio».