«Sarri luzea da bidea, batzuetan malkartsua, besteetan bidegurutzez betea». Baina bide hori egiteko prest dago Sare: «Izan ere, bidea egin egiten da. Urratsez urrats, ibilian-ibilian». Euskal presoak «etxean izaterainoko» bidea egin nahiko luke euskal presoen aldeko mugimenduak, eta jarria du hurrengo ibilbidearen data: irailaren 29tik urriaren 2ra Nafarroa zeharkatuko duen martxa bat eginen dute, Lesakatik Berriozarrera. Gauez eta egunez ibiliko direla jakinarazi dute gaur eguerdian Lesakan egindako agerraldian: guztira 74 errelebo eginen dituzte, 72 orduz atsedenik gabe ibiliz, 352 kilometro osatzeraino.
Sarek gaurko agerraldian nabarmendu duenez, «pixkanaka bada ere» aldatzen ari da euskal presoen egoera, hiru hamarkadaren ondoren. Ohartarazi dute, halere, «pertsona askoren esfortzuari esker» lortu dela hori: «Euskal Herriko hiritar, alderdi politiko, sindikatu, hainbat eta hainbat herri eragile, instituzio, eta, noski, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideei eta hainbat biktimen esfortzuari esker».
«Bigarren fasean» sartu nahiko luke Sarek, ordea, eta horri «indartsu» ekiteko antolatu dute Nafarroako martxa, «salbuespenezko espetxe politika» eten dezatela eskatzeko: «Salbuespen politika urratzaile horrekin bukatzeko bidean gaudela esaten ari gara, urteetan betiko dutena, eta espetxean egonaldi eternalak eta senide eta lagunentzako sufrimendu urteak gogortu dituena bukatzeko bidean dugula, eta behin betiko bukatu behar dugula, espetxean dugun herritar bakoitza etxerako bidean jartzeko». Bide horretan, adierazi dute «atzean» utzi nahi dutela «legea eskubideak urratzeko erabiltzen zen garaia».
Nafarroako herritarrei deia egin diete irailaren akaberan hasiko den martxan parte hartzeko.