GKS Gazte Koordinadora Sozialistak eta IA Ikasle Abertzaleek agerraldia egin dute gaur arratsaldean Altsasun, datorren urrian egingo duten Gazte Topagune Sozialista aurkezteko. Jakinarazi dutenez, «eskaintza zabala» izango du ekitaldiak, eta «egungo testuinguruaren ezinbesteko papera» jokatuko du: «Pasa den ikasturte politikoa COVID-19 birusak baldintzatutako urtea izan da, eta enpresari handiek eta alderdi politikoek ezarritako salbuespen egoeran eskubide zibil eta politikoak ezabatu dituztela ikusi dugu, besteak beste». «Zailtasun» horiek izan arren, jakinarazi dute hezkuntzan zein gazte esparruan «antolakuntza komunistaren aldeko indarrak batzeko borrokan» aritu direla.
IAk eta GKSk «antolakuntza independentea» dute «alternatiba komunista egikaritzeko berme bakartzat», eta «garrantzi berezia» eman nahi diote, hortaz, Topaguneari: «Alderdi politikoen kontrolpetik eta instituzio burgesen kanpoko jardun politikoa gero eta gehiago murrizten ari diren garaian, beharrezkotzat jotzen dugu horien influentziatik kanpo jardun politikoa mantentzea eta ekimen propioak antolatzea».
Jakinarazi dute laster emanen dutela ekitaldiari buruzko xehetasun gehiago, www.gks.eus webgunean.