Gasteizko Mercedes Benz lantegiak beste astebetez etengo du produkzioa. Bigarren astez jarraian etengo du jarduera lantegiak, autogintzako osagaien merkatuan dagoen krisiagatik, zehazki, mikrotxipen edo erdieroaleen krisiagatik.
Zuzendaritzak aurreko astean ohartarazi zuen gerta zitekeela neurria egun batzuez luzatu behar izatea. Gaur zuten bilera langileen ordezkariekin, eta bertan eman diete erabakiaren berri. Aurrez ere ekoizpena eten behar izan dute Arabako lantegian urte honetan, eta denera 22 egun eman dituzte geldi.
Mercedesen arabera, erdieroaleen merkatua egoera «kritikoan» dago. Arrazoi nagusia da Malaysian eta Vietnamen pandemia areagotu egin dela, eta hango lantegiek produkzioa eten edo gutxitu behar izan dutela. Herrialde horietan egiten dira, hain justu, Mercedesek balaztatze sisteman erabiltzen dituen txipak.
Produkzioa beste astebetez geratzeak eragin zuzena izango du ekoizpenean ere: denera, 6.500 furgoneta egiteari utziko baitiote. Aurreko astean iragarri zuten 2.840 furgoneta egiteari utziko ziotela, eta gaur jakinarazi dute beste 3.600 furgoneta inguru izango direla egingo ez dituztenak.
Erregulazioa, bihartik indarrean
Neurriak langile guztiei eragiten die: 5.000 ingururi. Gerta zitekeela ikusita, halere, enpresak eta sindikatuek enplegua aldi baterako erregulatzeko txosten bat negoziatu zuten oporraldien aurretik, eta uztailean berretsi zuten, langileen batzordeko ordezkarien gehiengoaren oniritziarekin. Bihar bertan jarriko da indarrean neurria, eta zuzendaritzak 30 eguneko erregulazioa egiteko aukera izango du, urtea amaitu arteko epemugarekin. Egun horietan langileek soldataren %80 jasoko dute.
Zuzendaritzak langileei ohar baten bidez jakinarazi die irailaren 13ko astean ekingo diotela ostera ekoizpenari, baina aitortu die «ziurgabetasuna handia» dela oraindik eta zaila dela epe motzera ezer zehaztea. Horregatik, datorren ostegunean bilduko dira berriz bi aldeak.