Gorabehera handirik gabe, azken asteotako joerari eutsi dio birusarekin lotutako heriotzen gaineko kurbak Hego Euskal Herrian. Kopurua aski puztua da oraindik ere; izurritearen bosgarren olatuaren goraldian erregistratutako datuen parekoa da. Zehazki, gaitza zuten 41 pertsona hil dira astebetean, abuztuaren 23tik 29ra bitartean, hain zuzen ere. Alderatzeko, orain bi hilabete, ekainaren hondarreko astean, sei lagun zendu ziren gaitzak jota. Edonola ere, azken hilabeteak izan dira pandemiak eztanda egin zuenetik heriotza gutxien izan diren aldiak.
Hegoaldeko osasun sistemek zehaztu dutenez, joan den astean zendutako 41 pertsonetatik 11 Nafarroan hildakoak dira; gainerakoak, berriz, Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan izandako kasuei dagozkie.
Transmisioari buruzko datuei dagokienez, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, atzo 571 kutsatu zenbatu zituzten COVID-19a detektatzeko egindako testetan. 8.468 proba egin zituzten, eta, hortaz, %6,7 izan zen positiboen ehunekoa. Halaber, datuak lurraldeka aztertuta, Bizkaian 226 kasu izan ziren; Nafarroan, 139; Gipuzkoan, 135, eta Araban, 65. Nafarroan atzemandako kasuetan sakonduta, aipagarria da kopuruak egun bakarrean izandako saltoa, bezperan 78 izan baitziren. Hain zuzen, Nafarroako Osasun Departamentuak jakinarazi du birusaren agerraldi bat izan dela herrialdean, Erriberan lanean ari diren sasoilari batzuen artean; atzo zenbatutako 37 kasu horiei dagozkie.
Halaber, erietxeei so, atzo 49 pertsona ospitaleratu zituzten Hegoaldeko zentroetan. Guztira 364 paziente daude gaitzarekin erietxeratuta, eta, zehazki, horietako 97 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan dira, larri.