Euskal Presoak

Josu Urrutikoetxea absolbitu du Parisko Zigor Auzitegiak

Epaimahaiko hiru magistratuek uste dute ez dagoela elementu nahikorik frogatzeko 2011-2013 epean Urrutikoetxea ETAko kide zela. Ekainean epaitu zuten Parisko Zigor Auzitegian, eta bost urteko presondegi zigorra eskatu zuen haren kontra terrorismoaren kontrako Frantziako fiskaltzak. Irailaren 13 eta 14an izanen du ondoko epaiketa.

Urrutikoetxea Parisko Justizia Jaurgian, joan den ekainean. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko irailaren 1a
11:50
Entzun

Gaur arratsaldean eman du Parisko Zigor Auzitegiak Josu Urrutikoetxea ETA zeneko kide historikoaren kontrako epaia: absoluzioa. Ekainean epaitu zuten, 2011 eta 2013 bitartean ETAren aparatu politikoko kidea izatea, ETAko kide izatea, klandestinitatean bizi izatea eta ETAko kideekin harremanak atxikitzea leporatuta. Terrorismoaren kontrako Frantziako fiskaltzako prokuradoreak onartu zuen Urrutikoetxeari auzi horretan 2017an eman zioten zigorra «gehiegizkoa» izan zela, baina, akusatzeko froga nahikoa zegoela ebatzita, bost urteko presondegi zigorra eskatu zuen haren kontra.

Epaimahaiko hiru magistratuek uste dute ez dagoela elementu nahikorik frogatzeko epe horretan Urrutikoetxea ETAko kide zenik, eta adierazi dute negoziatzea ezin dela gaizkile elkarte kide izatearekin parekatu. Hala, defentsako abokatuen eskaera ontzat eman du zigor auzitegiko epaimahaiak. «Ulertu dezaket zer erantzukizun den Urrutikoetxearen gisako figura bat errugabetzat jotzea. Amnistia gisa ikus liteke. Baina uste dut jakinen duzula zure erabakiaren zentzua esplikatzen, akusazioak ez duelako txostenik osatu», adierazi zuen Laurent Pasquet-Marinacce abokatuak joan den ekainean. Egun batzuetako epea du fiskaltzak erabaki dei egin nahi badio.

Epaiketa iragan eta egun batzuetara, Urrutikoetxea errugabe jotzeko eskatu zuten nazioarteko hamar pertsona ezagunek. Sinatzaileen hitzetan, epaiketan hitza hartu zuten lekukoen eta aurkeztu ziren dokumentuen bidez, agerian gelditu zen Urrutikoetxeak Euskal Herriko gatazkaren konponbidean izan diren elkarrizketa eta negoziazio saiakera gehienetan parte hartu zuela, izan Algerren, Genevan edo Oslon, eta 2006tik aitzina ETA erakundearekin erabat moztu zuela, zuzendaritza berriarekin zituen desadostasunengatik.

Gaur egun, Ipar Euskal Herrian bizi da Urrutikoetxea, Angelun, eta jada ez du eraman behar eskumuturreko elektronikorik: kontrol judizialpean dute oraindik, halere. Parisko Dei Auzitegiko instrukzio aretoak ekainaren 24an egindako auzi saio batean erabaki zuen euskal preso izandakoari eskumuturreko elektronikoa kentzea. Izan ere, auzitegiak bezperan jaso zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak hartutako erabakia, zeinaren arabera deliberatu baitzuen bertan behera uztea Urrutikoetxea Luis Herguetaren hilketarekin lotzen zuen 2005eko autoa.

2005-2006 prozesua auzitan

Heldu den irailaren 13 eta 14an beste epaiketa bat izanen du Urrutikoetxeak Parisen. Orduan ere ETAko kide gisa gaizkile elkarteko kide izatea leporatuko diote. Nazioarteko aditu zenbaitek parte hartzekoa dute epaiketa horretan, lekuko gisa, Urrutikoetxeak prozesu hartan izan zuen parte hartzeari buruz mintzatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.