euskal presoak

Sei preso Euskal Herriratuko dituzte, eta bat hurbilduko dute

Bi Zaballara ekarriko dituzte, eta lau Basaurira. Beste bat El Duesora gerturatuko dute.

Sarek iazko irailean Bilbon eginiko martxa bat. ARITZ LOIOLA / FOKU
jon olano
2021eko abuztuaren 31
16:44
Entzun

Espainiako Gobernuko Espetxe Erakundeek jakinarazi dute beste sei euskal preso Euskal Herriratuko dituztela eta beste bat Euskal Herritik gertuago dagoen kartzela batera hurbilduko dutela.

Basauriko espetxera ekarriko dituzte lau preso. Asier Rodriguez da horietako bat; Sorian dago, 260 kilometrora, 2010eko urritik hogei urteko zigorra betetzen. 2025ean beteko ditu zigorraren hiru laurdenak.

Ibai Aginaga ere presondegi berera eramango dute, El Duesotik (170 km); 2003an kartzelatu zuten, hogei urteko zigorra betetzen ari da eta 2017an bete zituen hiru laurdenak.

Guillermo Merino, berriz, Zaragozatik (345 km) eramango dute Basaurira. 2000z geroztik dago preso, 26 urteko zigorra betetzen, eta 2019an bete zituen hiru laurdenak.

Era berean, Jose Angel Lerin ere Basauriko kartzelara ekarriko dute; hura ere Zaragozan dago preso. 2007an atxilotu zuten, eta 25 urteko zigorra betetzen ari da. 2025eko ekainean beteko ditu hiru laurdenak.

Beste bi preso, berriz, Zaballara ekarriko dituzte. Jon Etxeberria da bat; El Dueson zegoen orain arte. 2017an espetxeratu zuten, bederatzi urteko zigorra betetzeko, eta 2024ko irailean beteko ditu hiru laurdenak.

Gainera, Iosu Ordoñez ere espetxe berean izango da, Topastik (460 km) Euskal Herriratuta. 2006az geroztik dago kartzelan, hamazazpi urteko zigorra betetzen, eta duela bi urte bete zituen hiru laurdenak.

Azkenik, Imanol Miner Dueñastik El Duesora gerturatuko dute. 2002ko maiatzean sartu zuten preso, 30 urteko zigorra betetzeko, eta 2024ko azaroan bete zituen hiru laurdenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.