CCOO sindikatuak uste du Petronorreko Aldi Baterako Enplegu Erregulazioa legez kanpokotzat joko duela justiziak, baina, haren erabaki baten zain egon gabe, erregulazioan dauden langile guztiak lan ordutegi ohikoan has daitezen eskatu dio zuzendaritzari. Urriaren 1ean amaituko da erregulazioa, eta dagoeneko ordutegi murriztuarekin ari ziren zenbait behargin hasi dira galdutako orduak berreskuratzen, baina CCOOk behargin guztiak nahi ditu erregulaziotik kanpo orain.
Bizkaiko birfindegiak erabakitako ABEE horrek 120 egun egin ditu indarrean, eta langileen mobilizazioak eragin ditu uda osoan. Sindikatuak dio erregulazio horrek ez duela ezer konpondu eta enpresak emaitza ekonomiko positiboak izan dituela aurtengo lehen seihilekoan. «Benetan da beharrezkoa azken egunera arte estu hartzea gure lankideak», galdetu du ohar batean CCOOk.
Petronorren arabera baiezkoa da erantzuna. Enpresak erantzun du, ohar batean, plantaren %40 geldirik dagoela azken hamasei hilabeteotan, eta 4.000 orduko trebakuntza eman diela jarduerarik gabe geratu diren eremu horietako beharginei. 2020. urtean 140 milioi euroko galerak izan dituela gogoratu du, eta argitu ABEEak «bakarrik hamasei langileri» eragin diela lanaldi osoan; gainontzekoei soilik ohiko ordutegiaren %5 kendu zaiela. Enpresak berretsi du urriaren lehenean bukatuko dela ABEEa, eta dena doala «industria planarekin bat».