Eusko Jaurlaritzak urte politikoko lehen gobernu kontseilua egin du gaur goizean Donostiako Miramar jauregian, eta, urtero legez, Donostiako metroaren aurkakoek protesta egin dute jauregiaren aurrean. Dozenaka lagun elkartu dira Kontxako erlojuen inguruan, eta handik manifestazioan joan dira Miramarreraino, Jaurlaritza, entzun: metroa gelditu. Behargabekoa, xahuketa, erokeria lelopean.
Guardasola horiak eskuan, Satorralaia plataformak salatu du abuztuan berriro ekin dietela Kontxako hondartza inguruan egiten ari diren zulaketa lanei. «Obra hori egitea astakeria bat da edonondik, tunela zulatzeak hirigunean eragingo dituen arriskuez proiektuan egiten diren ohartarazpen latzak kontuan hartuta. Kontxako hondartzaren lurpean ere kalte larriak eragin direla egiaztatu du Itsasertzetako Zerbitzuak», ohartarazi du plataformak.
Era berean, azaldu du Jaurlaritza eta Donostiako Udala «gezurretan» aritu direla Donostian «metroaren eraikuntzak dituen inpaktuen, kostu errealen eta helburuen» inguruan: «Gure ustez, gehiegikeria hau Donostian sustatzen ari den hiri ereduaren eta turismoan oinarritutako eredu ekonomikoaren ondorioa da. Horrek espekulazioa areagotzea eta inbertsoreen interes ekonomikoak bizilagunen eta langileen beharren gainetik jartzea dakar berekin».