Behartuta desagertuak

Foro Sozialak «egia» eskatu du behartuta desagertutako biktimen senideentzat

Abuztuaren 30a Behartutako Desagertzeen Biktimen Nazioarteko Eguna da 2011z geroztik, eta giza eskubideen urraketa larrien biktima direla azpimarratu dute

jarraia202447.jpg
Beñat Mujika Telleria.
2021eko abuztuaren 27a
15:53
Entzun

Nazio Batuen Erakundeak hala erabakita, abuztuaren 30a Behartutako Desagertzeen Biktimen Nazioarteko Eguna da. Orain dela lau urte, Foro Sozial Iraunkorrak bere agendan txertatu zuen, eta gaur prentsaurreko baten bidez eguna baliatu du biktima horiek gogoratzeko. Tasio Arrizabalagak eta Nekane Altzelaik aldarrikatu dute behartutako desagertzeak «giza eskubideen urraketa larriak» direla, eta «egia» eskatu dute biktimentzat eta senideentzat. Haien arabera, Euskal Herrian gutxienez hamalau lagun desagerrarazi dituzte, eta haietako zazpi desagertuta daude oraindik. «Euskal Herrian bizi izandako indarkerien zikloaren testuinguruan gehiagotan ere baliatutako estrategia bat izan da», ohartarazi dute.

Argitu gabeko desagertzeei dagokienez, zazpi zenbatu ditu Foro Sozialak. Horien artean ezagunenak dira Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur (1976an desagertua) eta Jose Miguel Etxeberria Alvarez Naparra (1980an), baina Coruñako (Galizia) hiru gazteren auzia ere jaso dute: Jose Humberto Fouz, Jorge Juan Garcia eta Fernando Quiroga Irunen (Gipuzkoa) bizi ziren, eta 1973an desagertu ziren. Dokumentatutako beste bi biktimak Tomas Hernandez eta Jean Louis Larre dira; 1979an eta 1983an desagertu ziren, hurrenez hurren.

Geroago aurkitu diren biktimen zerrendan ere zazpi dira. Bernardo Bidaola Txirritaren kasua jaso dute: 1976an desagertu zen, eta handik hilabetera aurkitu zuten, hilik; Poliziaren arabera Txirritak bere buruaz beste egin bazuen ere, 2018an egindako autopsiak baieztatu zuen tiroz hil zutela. Espainiako bi polizia ere ageri dira: Jesus Martinez eta Jesus Maria Gonzalez 1976an desagertu ziren, Hendaian (Lapurdi), eta urtebete geroago aurkitu zituzten.

Baina Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren, Mikel Zabalzaren eta Jon Anzaren kasuak dira ezagunenak. Lasa eta Zabala 1983an desagertu ziren Ipar Euskal Herrian. GALen lehen ekintza antolatua izan zen; hamahiru urte geroago aurkitu zituzten kare bizian lurperatuta, Alacanten (Herrialde Katalanak). Zabalza, berriz, atxilotuta eraman zuten Intxaurrondoko kuartelera, eta polizia etxetik irten gabe desagertutzat jo zuten. Gorpua handik hogei egunera topatu zuten Bidasoa ibaian, aurrez miatuta zegoen toki batean. Zerrendako azkena Jon Anza da. 2009an ETArekin hitzordua zuen egunean jo zuten desagertutzat, eta gorpua handik urtebetera topatu zuten. ETAk publikoki salatu zuen desagerpena, eta Espainiako eta Frantziako estatuei egotzi zien errua; oraindik ez da argitu gertatutakoa.

Foro Sozialak nabarmendu du halako desagertzeak «terrorea eragiteko estrategia» bat ere izan zirela: «Segurtasunik eza ez da desagertutako pertsonaren hurbileko ahaideengana mugatzen, baizik eta bere komunitateari eta gizarte osoari eragiten dio». Era berean, Arrizabalagak eta Altzelaik gogora ekarri dute bi premisak gidatzen dutela beren lana: biktima guztiek daukatela «egia eta justiziarako eskubidea» eta «urraketa berak maila berean» aitortu behar direla. «Bizikidetza demokratikoaren eraikuntzan aurrera egiten jarraitzeko urrats garrantzitsuak dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.