Agustin Almaraz presoa aske geratu eta gero Bilbon eginiko harrerak eta Covitek sare sozialetan eginiko salaketak hautsak harrotu ditu azken egunetan, eta eragile politiko ugarik eskatu dute harrera horiek publikoki ez egiteko. Eztabaida hori ikusita, Sortuk ohar bat zabaldu du, eta nabarmendu «presoen kaleratze bakoitzak elkarbizitzarako bidea indartzen» duela: «Espetxetik irteten den preso bakoitza elkarbizitzara eta bakera hurbiltzen gaituen gertakaria da. Elkarbizitza eraikitzeko ezinbestekoa da presoen eskubideak urratzen dituen salbuespen politikan amaitzea eta kalerako bidea bultzatzea».
Sortuk gogora ekarri du espetxe legeria arrunta aplikatuko balitz euskal presoen %84k kartzelatik irteteko aukera izan beharko luketela, baina Espainiako Estatuan dauden presoen kasuan «legea bihurritu egiten» dela: «Irteera baimenetarako, hirugarren gradurako eta baldintzapeko askatasunerako eskubidea ukatzen ari zaie Estatua, preso ahalik eta denbora luzeenean atxikitzeko helburuarekin». Almarazen adibidea jarri du: 26 urte eman ditu espetxean. Ia 25 Andaluzian urrunduta eta lehen graduan, muturreko egoeran. Zigorraren hiru laurdenak 2014an bete zituen, eta, beraz, behar baino zazpi urte gehiago eman ditu preso». Gainera, gogorarazi du abuztuan askatutako bost presoek osorik bete dituztela beren zigorrak, eta gehienak espetxealdi ia osoa bete dutela Euskal Herritik kanpo: «Normaltasunetik eta elkarbizitzaren aldeko jarreratik gutxi du errealitate horrek».
Sorturen iritziz, «nekez eraikiko da elkarbizitza besteari zer egin behar duen edo zer egin dezakeen edo ez inposatuz», eta, horren harira, uste du «harrera ekitaldien kontra jotzen dutenen helburua —hau da, amak, aitak edo lagunek beren maiteak espetxetik irtetean besarkatzea debekatu nahi dutenen helburua— garaile eta garaituen errelato bakarra inposatzea» dela, eta horrek elkarbizitza «urruntzen» duela.
Itxaso: «Morala da?»
Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan daukan ordezkariak ere hitz egin du gaiaz. Euskadi Irratian eginiko elkarrizketa batean, Itxasok argudiatu du harrera publikoek «hainbat zauri irekitzen» dituztela eta presoek «espetxean egindako birgizarteratze lana» lapurtzen zaiela.
Horrez gain, azaldu du uler dezakeela presoei kartzelatik irtetean harrera pribatuak egitea, baina ez omenaldi publikoak; horrekin lotuta, ezker abertzaleari eskatu dio gogoeta egiteko: «Elkarbizitza lortzeko, kontua ez da legezkoa den ala ez. Legezkoa izan daiteke, baina morala da?».