Aste Nagusia aitzakiatzat hartuta, prentsaurrekoa eman du gaur goizean Sare Herritarrak Bilbon. Urteroko legez, aurten ere mobilizaziora deitu ditu herritarrak. Joan den larunbatean Donostian egin zuten manifestazioa, eta datorren ostiralean Bilboko kaleak zeharkatuko dituzte, Ibilian-ibilian etxerako bidean ekinaldiaren barruan. Manifestazioa 19:30ean abiatuko da Eliptika plazatik, eta bertan egongo dira Bilboko konpartsak.
Osasun egoera dela eta, Bilbon ez da festarik ospatuko, baina egun horiek «ahal den neurrian» gozatzeko esan du Sarek: «Baita urrun daudenek ere». Hori dela eta, Bilboko eta Bizkaiko herritar guztiak deitu ditu datorren ostiraleko manifestazioan parte hartzera. «Jaiak eta aldarriak bat dira, eta salbuespen legedia atzean utzi eta graduen progresioa gauzatu dadin, mobilizatzen jarraitu behar dugu», adierazi dute.
Sareren iritziz, euskal presoen kasuan, urruntze politika amaitzeko «urrats esanguratsuak» egin dira. Halere, presoak etxeratzeko asko falta dela adierazi dute. Batetik, Euskal Herritik kanpo daudelako euskal presoen «gehiengoa», eta, bestetik, graduen progresioa preso guztiei «era normalizatuan» ezartzea prozesu hori garatzeko «behar-beharrezko tresna» delako.