Estatuko tenperatura altuen ondorioz, kontsumo energetikoa handitu egin da, eta, hala, energiaren kostuaren inguruko liskar politikoa sortu da. Udako liskar horren zaratak duela egun batzuk Klima Aldaketari buruzko Adituen Gobernuen arteko Taldeak jendaurrean jarri zuen Panelaren analisi interesgarria eta beharrezkoa ezkutuan utzi du.
Dimentsio globala duten tentsio handiko bi alderdi, zeinak tokiko eremuarekin eta etxekoarekin lotuta baitaude: energia –haren sorkuntza, kontsumoa eta kostua–, ongizatearekin eta industria-garapenarekin bete-betean lotuta dagoena, bai eta klima-aldaketarekin dugun erronka handiarekin ere. Eta, horren aurrean, zarata publikoa areagotu egiten da, salaketen gurutzatze batean oinarrituta, kontraste zorrotzerako aukerarik gabe eta elkarrizketa bat lasai izateko aukerarik gabe, kontuan hartuta hori dela, hain zuzen, hainbesteko garrantzia duen gai horrek behar duena.
Planeta osoan eragina duen mundu-mailako arazo baten aurrean gaude. Asko dago jokoan, eta errealitate energetikoak Euskadik ere aurre egin behar dien inkoherentzia batzuk azaleratzen ditu.
Energiaren kostuaren formula ez da kontu erraza, eta konplexutasun horretan ari da demagogia politikoa, hain zuzen, pagotxa aurkitzen. Gai lerrakor horretan murgildu aurretik, ikuspegi konstruktiboa eman nahi nuke, eta, horretarako, hobekuntza garrantzitsuko zenbait alderditan jarri fokua.
Azken asteotako egoeran ekaitz perfektua eragiten duten zenbait baldintza bizitzen ari gara: klimatizazioko eskari elektriko handia tenperatura altuen ondorioz; beherakada ekoizpen eolikoan; gas naturalaren prezio altua, eta CO2aren prezioaren goranzko joera.
Lehen bi motiboen ondorioz, ziklo konbinatuetatik datorren energia (aldizkako energia berriztagarrietarako babes-energia) ohi baino gehiago integratu behar da. Sorkuntza mota horrek prezioen mendekotasun handia du, bai lehengaiaren prezioarena –gas naturala, besteak beste– bai isuritako CO2aren tonaren prezioarena. Bi prezioak altu daude; beraz, orduko megawatt-en (MWh) sorkuntzak zentral horietan gaur egun kostu altua du. Zentral horiek energia elektrikoaren eskariari erantzuteko beharrezkoak direnez, eguneroko merkatuaren erreferentzia-prezioa markatzen dute.
Euskadin, Arabako lurraldean une jakinen batean izan ezik, ezin dugu esan bero gehiegi egin duenik, eta, halere, aipatutako alderdi guztiek gure elektrizitatearen prezioan ere badute eragina. Ondorioz, hausnarketa eta ondorio garrantzitsuak ditugu; izan ere, Euskadin, ia ez dugu energia eolikorik sortzen (ustezko kontrako jarrera batek eragotzita), gure lurpean eskuragarri dagoen gas natural bati uko egin diogu, eta CO2aren kostua, logikoa denez, gero eta handiagoa da, klima-aldaketaren mehatxuen aurkako borrokarekin bat datorren trantsizio energetiko batengatik ordaintzea dagokigun prezioa izanik.
Trantsizio energetikoa eta klimatikoa badatoz. Edo egiten ditugu edo egiten dizkigute. Eztabaida bideratu behar da; izan ere, Euskadin, energia gutxi ekoitzi eta asko kontsumitzen dugu, eta desberdintasuna beste batzuek ezartzen diguten prezioan erosten dugu. Gure etxeetako argiaren fakturan du eragina, bereziki kalteberenean, eta gure enpresenean eta haien lehiakortasunean.
Herrialde industriala gara. Gure enpresek merkatu elektrikorako sarbidea baldintza lehiakorretan behar dute; izan ere, gure ekonomiaren zati handi bat eta kalitatezko enplegu asko horren mende daude.
Lehen hausnarketa. Mota guztietako berriztagarriak areagotu behar ditugu (eta biltegiratze-soluzioak), parke eolikoak eta fotovoltaikoak barne. Euskadik energia berriztagarrien ekoizpen oso txikia du, eta emaitza horrek ez du zentzurik munduan puntakoa eta lehiakorra izan den sektore industrial energetikoa sortzeko gai izan den herrialdean. Sorkuntza eolikoaren Euskadiko ekosistema teknologiko-industrialak teknologia liderra du, eta ingurumen aldetik berritzaileak diren soluzioak eskaintzen ditu, zeinak nazioarte-mailan esportatzen baititugu, baina Euskadin motibo soziopolitikoengatik ezartzeko gai ez garenak.
Bigarren hausnarketa. Gasaren inguruan hartutako erabakiarekin kontsekuenteak izan behar dugu, berriztagarriek behar duten osagarria baita, harik eta energia modu jasangarriagoan biltegiratzeko irtenbiderik izan arte. Euskadik baztertu egin du bere gasaren kudeaketara jotzea, nahiz eta gas naturalaren erosotasun-sistemara egokituta jarraitu eta inportatutako gasaren prezioak ekonomia- eta ingurumen-kostu handiagoa duela jakin.
Hirugarren hausnarketa. «Kutsatzen duenak ordaindu behar du» printzipioari jarraikiz eta CO2aren emisioaren kostua ikusita, zergatik ez dugu ahalegin handiagoa egiten «aurrezpen energetikoaren» printzipioan? Egunotako eztabaidan, Estatuko puntu askotan beroak izan diren jardunaldietan, inork ez du ikuspegi hori sartu, eta erronka har liteke, eta energiaren kontsumoaren murrizketa planteatu. Energiarik onena kontsumitzen ez dena da. Energia-efizientzia neutraltasun klimatikoaren eta deskarbonizazioaren erronkari aurre egiteko funtsezko elementuetako bat izan da eta izaten jarraituko du. Hori da EEE-Energiaren Euskal Erakundearen sorrerako helburuetako bat, eta Euskadi eta Euskadiko industria erreferente dira horretan.
Euskadin, duela 40 urtetik hona, EEE izateak dakarkigun indarra dugu. Erakunde horrek, energiaren kostuaren arauketan esku hartzeko gaitasunik ez badu ere, jakin du Euskadiko sistemak petrolioaren eta ikatzaren eratorrien mendekotasuna murritz dezan laguntzen. Gas naturalaren banaketa- eta garraio-sistema bat finkatzeak, Euskadiko geografia osotik eskala txikian eta handian teknologia berriztagarriak sustatzeak eta, batik bat, energia-efizientziaren aldeko apustuak berotegi-efektuko gasen emisioa % 27 murrizten lagundu dute, eta, ondorioz, kostu energetikoak murrizten. Hala egin du, industriara bideratutako dimentsio handiko jarduketa eta programekin, tokiko administrazioarekiko elkarlan publiko-pribatuan, eta etxeetan sartuz, galdara, leiho, etxetresna elektriko edo ibilgailuetako renove laguntzen bidez.
Azken batean, egiturazko ekarpen horrek herritarren bizi-kalitatean izan du eragina; izan ere, onura ekarri du, halaber, kutxa publikoetan, eta hobekuntza, ingurumenaren kalitatean. Erakunde publiko hori gizartearen zerbitzura dago, eta jakin du industria-egiturarekin elkarlanean jarduten, eta entzuten ari garen ideia guztietan jarraitzeko moduko eredutzat har liteke.
Ez dago zalantzarik, eztabaida sakona eta zintzoa behar da elektrizitatearen tarifaren eta energiaren merkatuaren funtzionamenduaren inguruan, baina ez du ematen adabakiek eta udako gau bateko ideiek egiturazko irtenbiderik ekarriko dutenik.
Giroa gehiago ez berotzearren, beharbada zuhurtasuna eta erantzukizun politikoa beharko genituzke, ez dagokion lekuan nahaspilarik ez eragiteko. Gizarteak eskertuko du ahalegina egitea gertatzen ari denaren inguruko irakurketa arduratsua egiteko eta, batik bat eta nagusiki, energia izeneko konplexutasun horren sektore eta pertsona kalteberenekin irakurketa solidarioa egiteko.