politika

«Kortserik gabeko» sekretu ofizialen lege bat eskatu du Foro Sozialak

Adierazi du biktima guztiek dutela «egia, justizia eta erreparazioa jasotzeko eskubidea, eta ez errepikatzeko bermeak izateko eskubidea».

Agus Hernan Foro Sozialeko bozeramailea, urtarrileko agerraldi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
jon olano
2021eko abuztuaren 17a
12:58
Entzun

Sekretu Ofizialen Legea moldatzeko zirriborro bat prestatzen ari da Espainiako Gobernua, asteburuan zabaldu denez. Horren arabera, gobernuak berak bere esku izan nahi du agiriak desklasifikatzeko edo sekretupean uzteko azken erabakia, lege berrian «salbuespenak» egiteko aukera jasota. Horien artean legoke GALi buruzko dokumentazioa.

Hori jakinda, «kortserik gabeko» sekretu ofizialen lege bat egiteko eskatu du Foro Sozial Iraunkorrak, eta, «nazioarteko zuzenbidean oinarrituta, giza eskubideen urraketen biktimen arteko bereizkeriarik ezaren printzipioa» defendatu du: «Biktima guztiek dute egia, justizia eta erreparazioa jasotzeko eskubidea, eta ez errepikatzeko bermeak izateko eskubidea».

Argitaratutako informazioak baieztatuz gero, GALen eta torturaren biktimak aurrerantzean ere «diskriminatuak» izango direla uste du Foro Sozial Iraunkorrak, eta «egia, justizia eta erreparazioa jasotzeko duten eskubidea urratua» izango da berriro: «Sekretu Ofizialen Legearen erreformak ez luke kortserik izan behar, eta nazioarteko ohiko parametroak jaso beharko lituzke, biktima guztien eskubideak bermatu ahal izateko».

Era berean, foroak gogorarazi duenez, estatuak eragindako indarkeriaren biktimek, Mikel Zabalzaren senideek adibidez, adierazi dute «lege horren erreforma modu bideragarrietako bat» dela beren kasuetako «egia agerian jartzeko». Horri lotuta, gogorarazi du Nafarroako Parlamentuan mozio bat onartu zutela martxoan, «Espainiako Gobernuari Sekretu Ofizialen Legea aldatzeko eskatzen ziona, gardentasunez jakiteko 1985ean Zabalzaren heriotzaren inguruan izandako xehetasunak, beste demokrazia aurreratu batzuek egin duten moduan, hala nola Erresuma Batuak, Italiak eta Alemaniak». PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak aldeko botoa eman zuten. Navarra Suma izan zen aurka agertutako talde bakarra.

Gainera, Foro Sozial Iraunkorrak jakinarazi du ezen, Espainiako Kongresuan jarduerari berrekiten diotenean, gehiengoa osatzen duten talde parlamentarioei zuzenduko zaiela, batetik, Nafarroako Parlamentuak onartutako mozioaren berri emateko eta, bestetik, «lan egitea eskatzeko adostasunaren alde, gai horren inguruko nazioarteko parametroak bilduko dituen sekretu ofizialen lege bat bermatzearren».

Ahal Dugu-rentzat, «onartezina» da egungoa

Lege erreformaren beharra azpimarratu du Ahal Dugu-k. Sare sozialetan zabaldutako mezu batean, adierazi du «onartezina» dela «lau hamarkadako demokraziaren» ondoren frankismo garaiko Sekretu Ofizialen Legea indarrean egotea: «Unidas Podemosekoek horrela defendatu dugu kongresuan, eta horrela defendatuko dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.