Kabul erortzearekin batera, Axraf Ghani presidenteak eta haren ingurukoek ihes egin dute, eta talibanen esku geratu da herrialdea. Hala, matxinoek 1996tik 2001era bitarte indarrean egon zen Afganistango Emirerri Islamikoaren itzulera iragarri dute. Lehen agintaldi hartan, Mohammed Omarrek hartu zuen gidaritza. Hura Errepublika Demokratikoaren aurka egin zuten mujahidinen komandanteetako bat izan zen, eta talibanen buruzagia 1994an taldea eratu zuenetik. Omar, ordea, 2013an hil zen, talibanek bi urte geroago aitortu zutenez, eta Akhtar Mansurrek hartu zuen haren lekua, AEBek 2016an hil zuten arte. Hala iritsi ziren agintera egungo buruzagia, Haibatullah Akhundzada, eta haren ingurukoak. Omarren garaitik taldean diren kideak eta belaunaldi berriak batzen ditu lidergoak.
HAIBATULLAH AKHUNDZADA
Lider gorena
Kandahar eskualdean, talibanen mugimenduaren sorlekuan jaio zen Haibatullah Akhundzada. Akhtar Mansurren albokoa zen, eta haren heriotzarekin hartu zuen taldea zuzentzeko ardura. Haren zeregin nagusiak, ordea, zerikusi gehiago izan du Mohammed Omarren heriotza ezkutatu izanak eragindako gatazkei aurre egitearekin, batasun bila.
Afera militar, politiko eta erlijiosoetan, azken hitza harena da. Halere, azken alor horrekin lotu izan da Akhundzada. Izan ere, talibanen gidaritza hartu aurretik, xarian oinarritutako matxinoen justizia sistemako burua izan zen. Uste da gerrak iraun bitartean Afganistanen bizi izan dela, talibanen lider esanguratsuenetako askok Pakistanera alde egin bazuten ere. Hala ere, Balutxistan eskualdeko (Pakistan) hainbat erlijio eskolaren burutzat jotzen dute. Halako eskolak dira talibanen errekrutatze zentro nagusiak.
SIRAJUDDIN HAQQANI
Haqqani Sareko burua
Jalaluddin Haqqani sobietarren aurkako komandanteak eratu zuen Haqqani Sarea talde armatua, 1980ko hamarkadan. Hark 1995ean egin zuen bat talibanekin, eta bertako kideek hainbat goi kargu izan zituzten Emirerri Islamikoaren gobernuan. Kalifaldia erortzean, Jalaluddin Haqqanik bere seme Sirajuddinen esku utzi zuen taldearen gidaritza, eta, ordutik aurrera, Haqqani Sarea AEBetako tropen aurka eginiko erasoengatik egin da ezaguna. Hala nola hura izan zen 2011n AEBen Kabulgo enbaxadaren aurkako erasoa egin zuena.
Uste da talde hori dela talibanek Afganistan ekialdeko gune menditsuetan eginiko operazioen erantzulea, eta eragin handia duela matxinoen erabakietan. Hala, Akhundzadaren bigarrena da Sirajuddin Haqqani, hark lidergoa hartu zuenetik.
MOHAMMED YAQOOB
Omarren semea
Talibanen organigraman, Mohammed Yaqoob ageri da hirugarren lekuan. Mohammed Omar sortzailearen semea da, eta 2016tik Rehbari Xurako, talibanen batzorde nagusiko, kidea. Hainbat adituk adierazi dute Yaqooben izendapena haren aitaren heriotza bi urtez ezkutatu izanak eragindako haserrearen ondorio dela; hau da, barne gatazkak baretzeko egin zela uste dute.
Mohammed Yaqoob talibanen batzorde militarreko burua ere bada iaztik. Horrenbestez, azken oldarraldi militarraren izen propioetako bat da. Gainera, etorkizunean taldea gidatzeko hautagai nagusietako bat da.
ABDUL GHANI BARADAR
Sortzaileetako bat
Talibanen sortzaileetako bat da Abdul Ghani Baradar, eta hainbat goi kargu izan zituen Mohammed Omarren agintaldian. Hala nola Rehbari Xurako kidea da 2007tik. Baradar Pakistanen atxilotu zuten 2010ean, eta talibanen batzorde militarreko burutzat jota espetxeratu. 2018an askatu zuten, Washingtonek presio egin ostean. Orduan, matxinoek Qatarren duten bulegoko buruzagitza hartu zuen, eta AEBen eta talibanen arteko akordioa egitearen arduradunetako bat izan zen. Egun, nazioarteko harremanen ardura hartu du Baradarrek. Besteak beste, Txinako Atzerri ministro Wang Yirekin bildu zen uztailean.