HAITI

Haitiko lurrikaran hildakoen kopurua gora doa: 1.297 oraingoz

Zaurituak 5.700 direla jakinarazi dute. Gobernuak adierazi du laguntza «modu ordenatuan» heltzea nahi duela.

Gizon bat lurrikarak utzitako hondakinen artean, Les Cayes hirian. RALPH TEDY EROL/EFE
jone arruabarrena
2021eko abuztuaren 16a
11:08
Entzun

Haitin larunbatean izandako lurrikarak 1.297 hildako utzi ditu oraingoz, baina une oro gora doa kopurua. Azken datuen arabera, 5.700 dira zaurituak, baina erreskate taldeak lanean dabiltza oraindik. USGS AEBetako Ikerketa Geologikorako Zentroaren arabera, Richter eskalan 7,2 graduraino heldu zen astindua —duela 11 urte hiriburua suntsitu eta 300.000 hildako eragin zituenaren parekoa—.

Les Cayes hiria izan da hirigunerik kaltetuena. 100.000 biztanle ditu hegoaldeko departamentuko hiriburuak, eta epizentrotik 30 kilometrora dago. Departamentu horretan izan dira hildako gehien, eta, gobernuak eman dituen datuen arabera, 30.000 familia ingururen etxeak kaltetu ditu lurrikarak. Herrialdeko ingurunerik txiroenetarikoa da departamentu hori, eta bertako herri batzuk isolatuta geratu dira, lurrikarak zubiak eta errepideak kaltetu dituelako.

Lurrikara gutxi balitz, Grace zikloia ere herrialdera gaur iritsiko dela kalkulatzen dute adituek. Zikloiaren ondorioz, metro karratuko 75 eta 100 milimetroko euri jasak izango direla aurreikusten da, eta baita haize bolada bortitzak ere. Erreskate lanak zailtzeaz gain, zutik geratzen diren azpiegituretan kalteak sortu ditzake zikloiak.

2010eko urtarrilean antzerako intentsitatea zeukan beste lurrikara bat izan zen Haitin. Orduko hartan, nazioarteko beste herrialde batzuek laguntza bidali zuten, baina ustelkeria kasu ugari azaleratu ziren geroago: ehunka gobernuz kanpoko erakundek inongo kontrolik gabe kudeatu zituzten milioika euroren funtsak. Haitiko lehen ministro Ariel Henryk hitzeman du, ordea, oraingo honetan «egokiagoa» izango dela hondamendiaren kudeaketa. Nazioartetik heltzen diren laguntzak Segurtasun Zibileko Sailak kudeatuko dituela iragarri du, erreskateak ere sail horrek antolatzen baititu. «Laguntza modu ordenatuan heltzea nahi dugu», azaldu du.

Henry da orain herrialdeko agintari nagusia, joan den uztailaren hasieran, Jovenel Moise estatuburua hil zutenetik. Ez zen ahalegintzen ziren lehen aldia. Gobernuak otsailean zabaldu zuen Moise hiltzeko saio bat geldiarazi zutela. Bi aste lehenago, oposizioak Joseph Mecene epailea Haitiko presidente izendatu zuen, sare sozialetan zabaldutako bideo baten bidez, Moiseren agintaldiak ordurako amaitua behar zuela argudiatuta. Inongo herrialdek ez zion kargu hori aitortu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.