Lionel Messi Paris Saint-Germain taldeko jokalari berria da. Jokalari argentinarrak bi denboraldirako kontratua adostu du Frantziako taldearekin, eta, bi aldeak ados egonez gero, aukera dago hitzarmena beste urte batez luzatzeko. Jokalaria goizean iritsi da Parisera, eta osasun azterketa pasatu ostean sinatu du kontratua. Berrogei milioi euro inguru irabaziko ditu denboraldi bakoitzeko. Zenbait iturriren arabera, Eiffel dorrean aurkeztuko dute, bihar.
Messik Bartzelonan jarraitu nahi zuen, baina Kataluniako taldeak ezin zuen gainditu soldaten muga, zor handia baitu. PSGk, aldiz, ez du zorrik, eta, gainera, 2023ra arte ez du soldatak ordaintzeko mugarik. Frantziako Ligak aukera hori eman dio, Qatarko Munduko Kopari eginiko keinu gisa. Nasser Al-Khelaifi qatartarra da Messiren talde berriaren jabea.
Hori horrela, argentinarra PSGk denboraldian fitxatutako bosgarrena izan da: Gianluigi Donnarumma (atezaina), Sergio Ramos eta Achraf Hakimi (atzelariak), eta Danilo Pereira (erdilaria). Neymarrekin jokatuko du berriro, lau urteren ostean.