EH Bilduk salatu du legegintzaldiaren erdia egina duela Txibitek, eta hizkuntza planak «ezarri gabe», eta, hortaz, abian jarri gabe daudela oraindik: «Nafarroako herritar guztien eskubidea da administrazioan euskaraz artatuak izatea, bai eta beren hizkuntza propioan kalitatezko arreta jasotzea ere, eta, hain justu, Nafarroako Gobernuaren betebeharra da eskubide horiek bermatzea». Esan dute Gobernuak «behingoz» gauzatu egin behar duela behin baino gehiagotan adierazi duen konpromisoa, hizkuntza planen ezarpena gehiago luzatu gabe. «Hitzez gain, ekintzak» eskatu dizkiote gobernuari.
Hori dela eta, EH Bilduk, Nafarroako Gobernuko departamentu bakoitzari hizkuntza planaren garapenaz galdetzearekin batera, ezarritako sei helburuetan zehaztu diren jarduketa ildoetako bakoitza betetzeko epeaz ere galdegin dio. Horrekin batera, talde parlamentarioak zera jakin nahi du: departamentu bakoitzaren lantalde organikoan beharko liratekeen hizkuntza eskakizunen zehaztapena egin al den, zenbat lanpostutan ezarriko den soslai elebiduna eta zein izanen den guztira departamentu bakoitzeko lanpostu elebidunen ehunekoa.
EH Bilduk, aurreko legegintzaldian Euskararen Plan Estrategikoa abian jartzearekin batera, Nafarroako Gobernuaren departamentuetan hizkuntza planak egiteko prozedurari ekin zion. Gobernu berriarekin, berriz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura berria ezarri zen, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak abuztuaren 6an emandako 22/2019 Foru Dekretuaren bidez. Txibiteren agintaldian, berriro ekin zitzaion hizkuntza planak egiteari. Dagoeneko departamentu guztietako planak ikusgai daude Gobernu Irekiaren atalean.