Ostegun honetan amaitu da Euskaltelen historia, telefonia konpainia independente gisa behintzat. Masmovilek lortu du haren jabetza. Euskal jatorriko enpresa horrek Madrilen du egoitza, eta Jersey uharteko paradisu fiskaleko bi inbertsio funtsek kontrolatzen dute: Euskaltelen akzioen %98 eskuratu ditu, 1.965 milioi euroren truke. Euskaltel erosita, Masmovil Hego Euskal Herriko lehen telefonia operadorea izango da, Movistar, Vodafone eta Orangeren gainetik. Hiru bezerotik bat berea izango da, taldeak dituen marka ezberdinetan banatuta. Operazioak, halaber, lau milioi euro utziko ditu Bizkaiko Ogasunaren kutxan, Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin hitzartu berri duen Tobin tasaren transferentziari esker, Derion egoitza duen konpainiaren akzioen salmentagatik.
Salmentak akziodunen % 75en oniritzia behar zuen. Martxo amaieran, Masmovilek erosketa eskaintza iragarri zuenean, Euskalteleko inbertsiogile nagusien oniritzia zuela jakinarazi zuen: Zegona funts britainiarrarena, Kutxabankena eta Alba korporazioarena (hiruren artean akzioen %52 zituzten); trukean, 421, 390 eta 216 milioi euro jasoko dituzte, hurrenez hurren. Euskalteleko 52 kideren artean, halaber, 27 milioi euroren pizgarriak banatuko dituzte: Jose Miguel Garcia kontseilari ordezkariak 7,5 milioi euro jasoko ditu, eta Xabier Iturbe presidenteak, 675.000 euro.
Gainerako inbertsiogileentzat, eskaintza ekonomiko erakargarria egin zuen Masmovilek: 11,17 euro akzio bakoitzeko. 11 euro izan dira azkenean, akziodunek beren buruari emandako saria deskontatu ondoren. Aurreko sei hilabeteetan akzioek batez beste kotizatu zutena baino %27 gehiago da hori.
Operazioa telekomunikazioen sektorearentzako garai erabakigarri batean gauzatu da. Euskaltelek, gainera, zenbaki gorrietan hasi du urtea. Konpainiak joan den astean jakinarazi zuenez, urteko lehen seihilekoan 5,5 milioi euro galdu ditu. Bi arrazoirengatik: Espainiako merkatuan zabaltzeko Virgin Telco marka sortu eta horrek eragindako kostuengatik, eta bere sarea berritzeak eragindakoengatik. Gastu horiek gabe urtearen lehen erdian 13,4 milioi euroko irabazia izango zukeela ziurtatu zuen Euskaltelek.
Erosketa estrategikoa
Gaur kaleratutako ohar batean, Mamovilek berretsi egin du Euskaltel markari eutsiko diola, egoitza soziala eta fiskala Euskal Herrian mantenduko dituela gutxienez bost urtez; ziurtatu du ez duela langileei eragingo dien «neurri traumatikorik» hartuko, eta lanpostu gehiago sortzen saiatuko dela telekomunikazio taldeak garatu nahi dituen beste negozio esparruetan, hala nola energien eta aseguruen alorretan.
Duela urtebete, gainera, Guuk telefono operadorea sortu zuen, Hego Euskal Herrian bakarrik jarduteko. Masmovilen asmoa da biei eustea eta elkarren artean lehiatzea. Azpimarratu du Euskaltelentzat duen plana «industriala» dela, ez dela espekulatiboa, eta Euskaltel burtsatik ateratzeko asmoa agertu du. Gaineratu du hura erosita haren 5G sarea eta zuntz optikoa baliatu nahi dituela, eta horren bitartez «Euskadi telekomunikazioen abangoardia teknologikoan» jarri nahi duela. Markak lurraldearekiko duen «konexio emozionala eta kulturala» sustatuko duela agindu du, halaber.
Euskaltel duela 25 urte sortu zen, Espainiako telekomunikazioaren sektorea liberalizatu ondoren, EAJk Jose Maria Aznar PPko lehendakarigaiaren inbestidurari bide emateko egindako itun baten ondoren. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan soilik aritzen zen konpainia txiki bat zen hasieran, eta bere sarea batez ere diru publikoarekin finantzatu zen. Gaur egun, Euskal Herritik kanpora hedatuta dagoen konpainia guztiz pribatu bat da. 2015ean, Galiziako R operadorea erosi zuen, eta, 2017an, Asturiasko Telecable. Iaz, Virgin marka sortu zuen, Iberiar penintsulan zabaltzeko.
Bere ibilbidean, aldaketa ugari izan ditu bere jabeen artean. Nagusia 2019an gertatu zen, Kutxabankek konpainiaren kontrola galdu zuenean eta Zegona funts britainiarraren esku geratu zenean. Inbertsio funts horrek hasieratik argi utzi zuen zein zen bere asmoa:konpainia handiago eta errentagarriago bat egitea, bere partaidetza mozkinekin saldu ahal izateko. Eta hala gertatu da, azkenean, Masmovilen esku geratuta.
Operazioak Urkulluren gobernuaren babesa izan du hasieratik. Kritika ugari ere izan dira; esaterako, Jose Angel Corres Bilboko Merkataritza Ganberako presidente eta Euskalteleko presidenteorde ohiarena eta Alfonso Basagoiti Bizkaiko Ogasun sailburu ohi eta Euskalteleko kontseilari izandakoarena. EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta sindikatuek ere gogor kritikatu dute Euskaltelekin azken urteetan gertatutakoa.