Udalak

Mauleko bi zinegotzi kargutik kendu dituzte

Jean-Patrice Bassano finantza zinegotziaren eta kulturako Clement Pottierren hautaketa baliogabetu dute, herriko bozetako zerrendetan egon ahal izateko baldintzak betetzen ez zituztela argudiatuta.

Louis Labadot Mauleko alkatea. Haren taldeko bi kide kargugabetu dituzte. JOANES ETXEBARRIA
Edu Lartzanguren.
2021eko abuztuaren 5a
10:55
Entzun

Frantziako Estatu Kontseiluak Mauleko bi zinegotziren hautaketa baliogabetu du, eta kargutik kendu ditu. Argudiatu du ez zituztela bete herriko bozetako zerrendetan egon ahal izateko baldintzak, hautatu zituzten urtean (2020) ez zeudelako hiriko zergak Zuberoako hiriburuan ordaintzen zituztenen zerrendan, ezta botorako erroldatuenen artean ere.

Jean-Patrice Bassano finantza zinegotzia eta kulturako Clement Pottier dira kargugabetuak. Michel Etxebeste alkate ohiak salatu zuen haiek Louis Labadoten zerrendan aurkeztu izana.

Etxebestek pozik hartu du erabakia: «Gezurrak eta agiri faltsuak zeudela onartu dute, eta horrek zalantzan jartzen du agintean dagoen taldearen sinesgarritasuna», esan du.

Labadot alkateak, berriz, haserre hitz egin du Etxebesteren aurka, salaketa jartzeagatik. Haren arabera, «Mauleri kendu egin diote hiriaren zerbitzu esklusibora zeuden bi langile trebe».

Estatu Kontseiluak Labadoten zerrendan zeuden hurrengoak izendatu ditu kargugabetuen ordez, hau da, Christine Lougarot eta Stephane Lambert. Atzo bildu zuen Labadotek bere taldea, behin betiko ordezkoak nortzuk izango diren eztabaidatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.