EUSKAL PRESOAK

Etxerat-ek salatu du berriz ere eten dituztela bisean biseko bisitak

Espainiako Espetxe Erakundeek COVID-19aren kutsatzeen gorakadaren ondorioz hartu dute neurria. Euskal presoen senideen elkartearen ustez, espetxetik ateratzeak eta koronabirusari aurre egiteko neurriak «humanizatzeak» izan behar dute lehentasun.

Zaballako kartzelaren irudi bat, iazkoa. Han daude euskal preso ugari. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2021eko abuztuaren 4a
11:31
Entzun

Etxerat euskal presoen senideen elkarteak salatu duenez, euskal presoak dauden kartzela «gehienetan» eten egin dituzte komunikazio intimoak, familiako bisean bisekoak eta bizikidetzakoak, berriro ere. Berriro ere, hala egin baitzuten pandemiaren hasieran, eta hala egin baitute egoera epidemiologikoak okertzera egin duen hainbat alditan. Halaxe egin dute orain ere: COVID-19aren kutsatzeen gorakadari aurre egiteko hartu dute neurria Espainiako Espetxe Erakundeek, Etxerat-ek jakinarazi duenez. Elkarteak salatu du kudeaketa horrek «presoen eta haien senideen eskubideei eragiten» diela, eta «areagotu» egin dela «duela urte eta erdi hasi zenetik pairatzen» ari diren «egoera jasanezina».

Etxerat-en ustez, izan ere, bisean bisekoak eten beharra «zigor gehigarri» bat da presoentzat zein senideentzat. Eta ohartarazi dute jasotzen duten «zama» ez dela «gaurko kontua»: «Pandemiaren agerpenaren osteko kudeaketak inkomunikazio neurriak ekarri zituen presoen eta senideen artean, eta, ondoren, 2021eko otsaileko lehen gorakadarekin, Espainiako Espetxe Erakundeen Idazkaritza Nagusiak berriro blindatu zituen espetxeak, komunikazioak bertan behera utziz eta, horrela, presoei geratzen zitzaien kontaktu fisiko bakarra ezabatuz».

Espetxeetan bertzelako neurri batzuk har daitezela nahi du Etxerat-ek, «kalean ezarritako prebentzio neurrien antzera, bisean bis familiarrak eta bizikidetzakoak bermatu ahal izateko eta zuzeneko kontaktua egingarri egiteko». Lehentasuntzat jo dituzte, bide horretan, eri diren, 65 urtetik goiti dituzten eta zigorraren hiru laurdenak beteak dituzten euskal presoak espetxetik ateratzea eta koronabirusari aurre egiteko neurriak «humanizatzea».

Umeak jopuntuan

Bisean bisekoak bertan behera uzteak haur eta gazteak uzten ditu bertzeak bertze babesgabe, Etxerat-ek salatu duenez: «Adin txikikoez ari gara, espetxean giltzapean dauden gurasoekiko lotura ezarri ezinik denbora luzez egoten diren adingabeez». Komunikazioen etenaren ondorioz «urte luzeetako zigorraren ondoren lehen aldiz» baliatu behar zituzten irteera baimenak ere bertan behera gelditu direla salatu du elkarteak. «Presoen eskubideen aurkako eraso zuzen eta bortitza» gelditzea galdegin dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.