Pertsonen artean metro eta erdiko segurtasun tartea errespetatzen bada, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hondartza eta igerilekuetan ez da nahitaezkoa izango une oro maskara janztea. Eusko Jaurlaritzak COVID-19ari aurre egiteko dekretuan jasoa du eremu horietan egiten diren desplazamendu eta paseoetan derrigorrez maskara jantzita eraman behar dela, baina EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du gaur.
Bizitza plataformako kide den Asgascon kontsumitzaile elkarteak aurkeztutako errekurtsoaren ondorioz etorri da epaia. Epaileen ustez, maskararen erabilera arautzen duen Espainiako legeak zehazten duena aintzat hartzekoa da, eta Espainiako Gobernuak emandako irizpideez harago ezin du egin Jaurlaritzak; gainerakoan «desberdintasunak» sor ditzake estatuko biztanleen artean. Epaileek diote Jaurlaritzak ezin duela argudiatu osasun publikoaren defentsa, «pentsatzekoa delako erkidegoko zein estatuko administrazioek alor horretan helburu bera dutela».