EAJren urteurrena

EAJ «askatasuna lortzeko tresna» dela nabarmendu du Ortuzarrek alderdiaren 126. urteurrenean

Bilbon eginiko ekitaldian, EAJren bozak «doan» eskaini dizkio Ortuzarrek Gernikako Estatutua bete, kontzertu ekonomikoa errespetatu eta «herri honi modu askean bere patua erabakitzen» utziko dion Espainiako gobernuari.

Andoni Ortuzar, goizean Bilbon eginiko ekitaldian, Sabino Aranaren irudia atzean duela. ARITZ LOIOLA / FOKU
Iñaki Agirre Perez.
2021eko uztailaren 31
16:53
Entzun

EAJk bere 126. urteurrena ospatzeko ekitaldia egin du gaur Bilbon, Albiako Lorategietan Sabino Aranak duen estatuari eginiko lore eskaintzarekin. Andoni Ortuzar EBB Euzkadi Buru Batzarreko presidentea buru zutela, dozenaka alderdikide bildu dira EAJren sortzailea omendu eta alderdiaren historia goraipatzeko helburuarekin.

Ohorezko aurreskua egin ondoren, hitza hartu du Ortuzarrek, 1895eko uztailaren 31tik gaur arte EAJk nazio eraikuntzaren alde eginiko ibilbidea nabarmentzeko. «126 urteko bide bikaina, Euskadi bere askatasunera eramateko, Euskal Herria bere etorkizunaren jabe izan dadin; herri bat, Euskal Herria; aberri bat, Euskadi; eta askatasuna lortzeko tresna bat, Euzko Alderdi Jeltzalea», adierazi du.

Zentzu horretan, bere alderdia «gizon eta emakume askeen Euskadi aske bat lortzeko» sortu zela zehaztu du EBBko presidenteak, haren helburua berdina izaten jarraitzen duela azpimarratuz. Eta gehitu du EAJren bozak Espainiako egungo gobernuari eta etorkizunean osa daitezkeenei «doan» eskaintzen dizkiela, «[Gernikako] Estatutua bete, kontzertua errespetatu eta herri honi modu askean bere patua erabakitzen uzten badiote».

Hain zuzen, pandemiak eragindako kalteei erreferentzia eginez, Ortuzarrek gogoratu du «eskumenen burujabetza» dela «errekuperazioaren oinarria», eta hura babesteko eta «egunero zabaltzeko» deia egin du.

Espainiatik jasotako kritikei erantzuna

Espainiako autonomia erkidegoetako lehendakarien konferentziaren harira Urkullu lehendakariak azken egunetan jasotako kritikei erantzuteko ere erabili du Otuzarrek bere hitzartzea. Izan ere, beste autonomia erkidegotako zenbait lehendakarik eta Pablo Casado PPko buruak, besteak beste, Urkulluri leporatu diote atzoko bilerara joateko bere erabakia kontzertu ekonomikoaren batzorde mistoak ostegunean sinaturiko akordioaren arabera baldintzatu zuela.

Horiek horrela, EBBko presidenteak esan du «nazkatuta» daudela «xantaiagile» deitzen dietenekin: «Aspertuta gaude euskal autogobernua nola erabiltzen duten ikusteaz, xantaia erabiltzen dugula entzuteaz, eta gurea defendatzen dugulako pirata esaten digutela ikusteaz. Gure legearen eta euren legearen arabera gurea dena baino ez dugu nahi».

Lehendakarien bilerari dagokionez, Ortuzarrek seinalatu du Euskal Autonomia Erkidegoak Espainiarekin duen lotura «aldebikoa» dela, «Euskadiren eta estatuaren arteko harreman zuzen eta elkarrekiko leialarena». Halaber, gehitu du foro aldeaniztunak «bigarren mailakoak» direla, eta EAJk horietan soilik «hertsiki beharrezkoa denean» parte hartuko duela, «neurrigabeko erabilerak» onartu gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.