Enpresak

Kutxabankek 125 milioi irabazi ditu, negozioaren hobekuntzari esker

Azken sei hiruhilekoan inoiz baino hipoteka gehiago eman ditu. Euskalteli dagokion salmentaren bidez, 385 milioi euro patrikaratuko ditu.

Kutxabanken egoitza nagusia, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iker Aranburu.
2021eko uztailaren 29a
19:01
Entzun

Kutxabankentzat, urtea ona izateko bidea doa. Interes tasak oso maila apalean egon arren, bere negozioa handitzen ari da: inoiz baino hipoteka gehiago eman ditu azken sei hilabeteetan, enpresei emandako mailegua handitu du, eta bezero berriak lortzen ari da bere funtsentzat.

Lehen itxura batean, datu on horiek ez dira irabazietan islatu, 125,5 milioi euroren irabazia iazkoa baino %8,8 baino txikiagoa delako. Baina galera hori, neurri handi batean, aparteko diru sarrerak nabarmen jaitsi izanak eragindakoa da: 31 milioi euro ekarri dizkiote, %79,5 gutxiago. Edonola ere, urte amaierako emaitzek ez dute, ziur aski, halako galerarik erakutsiko, operazio bakar batek ederki lodituko duelako Kutxabanken poltsa: Euskaltelen salmenta. Gaur amaituko da telekomunikazio enpresaren akzioak erosi ahal izateko epea, Masmovilek egindako eskaintzari erantzunda, eta bankuak jakinarazi du bere %19,9 salduko duela. 35 milioi akzio direnez, eta Masmovilek titulu bakoitzeko 11 euro ordainduko dituenez, 385 milioi euro patrikaratuko ditu bankuak.

Horien eskutik, urtearen amaieran iazko emaitzak ez ezik —180 milioi euro irabazi zituen—, aurtengorako aurreikuspenak ere gainditzeko moduan ikusten du bere burua bankuak.

Hipoteken %46, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Baina aparteko diru sarrerei baino gehiago, banku negozioak ematen dituenei erreparatu die Kutxabankek, eta gustuko du ikusi duena, bilakaera «bikaina» iruditzen baitzaio %8,8 handitzea. «Erruz» gainditu ditu aurreikuspenak, emandako maileguetan. Urtearen lehen erdian, 2.300 milioi utzi dizkie bere bezeroei: bistan denez, iazko urte arraroan baino gehiago da (+%70,9), baina baita 2019 normalagoan baino gehiago (+39). Hipoteketan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako merkatuaren %46,2 dauka, Andaluziakoaren %17,4, eta Espainiako sistemaren %10.

Hazi egin dira mailegu pertsonalak (+%19) eta ekoizpen sarera bideratutako finantzaketa ere (+%17,7).

Baina Kutxabankek bere inbertsio funtsen hazkundea nabarmendu du gehienbat. Urteko lehen erdian, 1.419 milioiren aurrezkia erakarri du, eta, horri esker, %39ko merkatu kuota du EAEn, eta %6,6koa Espainian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.