Justizia

Estatu krimenen ikerketa ez oztopatzeko eskatu dio Maixabel Lasak PSOEri

ETAk hildako Juan Mari Jauregi oroitzeko ekitaldia egin dute Legorretan, hilketaren 21. urteurrenean. Jauregik «beti giza eskubideen alde» egin zuela adierazi du haren alargunak.

Edu Lartzanguren.
2021eko uztailaren 29a
15:46
Entzun

Juan Mari Jauregi Gipuzkoako Gobernadore zibil izandakoa hil zuen ETAk Tolosan (Gipuzkoa) 2000. urteko uztailaren 29an. Heriotzaren 21. urteurrena gogoratzeko, hainbat lagun bildu dira gaur goizean haren jaioterri Legorretan (Gipuzkoa), Jauregiren alargun Maixabel Lasa buru. Ekitaldian mintzatu da Lasa, eta, besteak beste, estatu krimenen ikerketa ez oztopatzeko eskatu dio PSOE alderdiaren zuzendaritzari.

Jauregiren soslai bat egin du Lasak. «Bizitza osoan giza eskubideen alde lan egindako gizon bat» izan zela adierazi du. Gipuzkoako Gobernadore Zibila izan zenean —1994tik 1996ra— horren adibide izan zela esan du. ETAko kideak atxilotzen eta epaileen aurrera eramaten saiatu zela esan du, baina gogoratu du giza eskubideen urraketak gertatzen ziren lekuetan ere aritu zela horiek salatzen. Guardia Zibilak Intxaurrondon (Donostia) duen kuartela jarri du adibide gisa, eta han «gauza oso larriak» gertatu zirela adierazi du. Gogoratu duenez, Lasa eta Zabala auzian Galindoren eta haren ingurukoen aurka deklaratu zuen Jauregik Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta haiek zigortu egin zituzten. Une hartan PSOE alderdiko kide batzuek «ziurrenera ez zuten begi onez ikusi» Jauregi alderdikideak eginikoa, Lasaren arabera.

«Garai hartan, Juan Mari oso ausarta izan zen», adierazi du Lasak, eta gaineratu du gustatuko litzaiokeela PSOE ere hura bezain ausarta izatea eta argitzea oraindik azaldu gabe dauden hainbat tortura kasu eta hilketa. Gogoratu du, esaterako, martxoaren 26an Zabalza auziari buruzko agiriak sekretupetik ateratzeko eskaeraren kontra bozkatu zuela PSOEk Espainiako Kongresuan, PP, Vox eta Ciudadanosekin batera. EAJk aurkeztu zuen eskaera. Espainiako Gobernuari eskatzen zion sekretupetik atera zitzala auziarekin zerikusia duten agiriak, eta Estatuko Fiskaltza Nagusiak berriz ireki zitzala kasu horri dagozkion eginbideak. Eskaera ez zen onartu.

Zabalza 1985eko azaroaren 26an atxilotu zuen Guardia Zibilak, eta haren gorpua hiru aste geroago agertu zen, Endarlatsa inguruan, Bidasoa ibaian. Bertsio ofizialaren arabera, guardia zibilek Endarlatsara eraman zuten, ustezko zulo baten bila, eta ihes egin zuen. Aurten zabalduriko elkarrizketa baten grabazioan, berriz, CESIDeko Juan Alberto Perotek eta Guardia Zibileko kapitain Pedro Gomez Nietok esaten dute Zabalzarekin «eskua joan» egin zitzaiela Intxaurrondon.

«Egia jakitea osasungarria da denontzat, batez ere sufritu dutenentzat», adierazi du Lasak. «Espero dut datorren urtean hemen biltzen garenean honetaz berriz hitz egiteko beharrik ez izatea, nire ustez ordua baita gauza horiek argitzeko». Dena den, ohartarazpena egin du: «Nik behin eta berriz esango dut».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.