Espainiako Espetxe Erakundeek iragarri dute beste lau preso Euskal Herriratuko dituztela, eta bosgarren bat Euskal Herritik gertuago dagoen espetxe batera lekualdatuko dutela.
Miren Itxaso Zaldua Iriberri Asturiasetik (Espainia) Martuteneko espetxera (Donostia, Gipuzkoa) eramango dute, Jesus Maria Altable Etxarte Soriatik (Espainia) Iruñeko kartzelara, Egoitz Coto Etxeandia Duesotik (Espainia) Basaurira (Bizkaia), eta Aitor Olaizola Baseta Logroñotik (Espainia) Zaballara (Araba). Altablek eta Cotok zigorraren hiru laurdenak beteak dituzte, eta Olaizolak bi urte barru beteko ditu.
Horrez gain, Espetxe Erakundeek erabaki dute Iurgi Garitagoitia Salegi Madriletik Logroñoko espetxera lekualdatzea, Euskal Herritik 170 kilometrora.
Foro Sozial Iraunkorrak uste du iragarpen hauek eta joan den uztailaren 1ean egindakoek erakusten dutela «espetxe politikaren normalizazioaren bigarren faseari» ekin zaiola bete-betean. Zenbait eragileren aldetik eta, bereziki, Espainiako Auzitegi Nazionaletik «zailtasunak» egon arren, Foro Sozialak uste du «adostasun transbertsal instituzional, politiko, sindikal eta sozial nahikoak» daudela bigarren fase horri arrakastaz heltzeko eta konponbide integral eta behin betiko bat erdiesteko: «Urte luzeetako mesfidantza gurutzatuen ondoren, gaur egun konfiantza baldintzak sortzen ari dira eragileen artean, bermeekin aurrera egiten jarraitzeko».
Foro Sozialaren aburuz, xedea litzateke «motibazio politikoko delituengatik preso dauden pertsona guztiak» euskal espetxeetan egotea, hirugarren graduan dagokion kasuan, Frantzian betetako zigorrak aintzat hartuta, eta «bizikidetza demokratikoa eraikitzen lagunduko duen birgizarteratze ibilbide batean aktiboki parte hartuz».