Alderdiak

Alfonso Etxebarria Eguesibarko alkate ohiak politika utzi du

Nafarroako Auzitegi Nagusiko bigarren salak UPNko zinegotzi baten ordenagailuan sartu zela frogatutzat eman du,  eta Etxeberriak ez du epaia errekurrituko. Geroa Baiko zinegotzi izateari utziko dio.

Alfonso Etxeberria. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2021eko uztailaren 28a
11:58
Entzun

«Nire asmoa ez zen inoiz izan inoren intimitatea urratzea, nire udalerriko eta bertako bizilagunen interes orokorraren alde lan egitea baizik». Hitz horiekin agur esan dio politikari Alfonso Etxeberriak, iragan legealdian Eguesibarko alkate izan zenak, eta Geroa Baiko hautetsi izateari utziko dio.

Koalizioak, prentsa ohar bidez, bere babesa agertu dio, eta «egindako akatsaz haratago», bere kudeaketa eta lana «oso positiboa» izan dela deritzo. Gogora ekarri du Etxeberriak sei milioi euroko soberakinaren amaitu zuela bere agintaldia 2019an, eta «egoera ekonomiko oparoan» utzi zuela udala. Kontu Ganberak ere hala azpimarratu zuela azaldu du.

Etxebarriaren aurkako auziak ez du kudeaketa ekonomikoarekin zerikusirik izan. Duela bi aste, Nafarroako Auzitegi Nagusiko bigarren aretoak zigorra ezarri zion sekretuak jakinaraztearen delitua egotzita: bi urteko espetxe zigorra eta bost urtez kargu publikoa gaitasun gabe uztea ebatzi zuen. Epaiketan egin bezala, Etxeberriak onartu du «asmo txarrik gabeko akats teknikoa» egin zuela Carolina Potau UPNko zinegotziaren ordenagailuan sartuz. Haren esanetan, informazioa eskuratzeko asmoz egin zuen hori.

Ordu hartan, Potau eta Josetxo Andia Eguesibarko garaiko alkatearen aurkako auzia irekirik zegoen, eta hainbat irregulartasun egitea egotzi zitzaien: besteak beste, Andacelay udal sozietatetik bidegabe dirua ebastea egotzi zitzaion. Auzi hark epaitegietan ezerezean amaitu zuen.

Iragan legealdian, informatikari baten laguntzarekin, Alfonso Etxeberria Carolina Potau UPNko zinegotzi ohi eta Andacelay sozietateko arduradun izandakoaren ordenagailuan sartu zela frogatutzat eman zuen Nafarroako Auzitegi Nagusiak, eta haren ordenagailutik ateratako informazioa fiskaltzari helarazi zion. Orain, auzitegiak ebatzi du ordenagailutik ateratako hiru disko gogorrak eta haren kopia oro suntsitzea.

Epaiaren aurrean, Etxeberriak erabaki du helegiterik ez aurkeztea eta politika uztea. Haren hitzetan, ez du zentzurik auzibidea gehiago luzatzea. Egindako hutsa onartu, eta barkamenak eskatu ditu, halaber: «Prozesu honetan pertsonaren batek nabaritu badu bere intimitatea urratu dela, barkamenak eskatzen dizkiot».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.