Tokioko Jokoak ez dira gozoak izan Ion Izagirrerentzat. BERRIAri herenegun adierazi zionez, larunbatean errepideko proban asko sufritu eta gero, gaur arantza atera nahi zuen erlojupekoan, baina ez da posible izan. Ormaiztegiarrak hasiera ona egin du, baina 15. kilometroan kalanbreak izan ditu.
Izagirrek, Rion, diploma olinpikoa eskuratu zuen lasterketa horretan, eta helburu berarekin ekin dio gaur.
Probari dagokionez, aise irabazi du Primoz Roglic eslobeniarrak. Erakustaldia eman du, eta minutu bat baino gehiago atera dio bigarren sailkatuari, Tom Dumoulin herbeheretarrari. Aurtengo Tourrari faborito nagusi gisa ekin zion Roglicek, baina erorikoek lasterketa uztera behartu zuten. Erori zen, baina altxa da, beste behin ere.
Ezustekoa eman du Dumoulinek ere. Urte bikainak egin ostean, txirrindularitza uztekotan egon da, baina, gau,r pronostikoak hautsi, eta erlojupeko zoragarria egin du. Segundo gutxiren buruan erabaki dira hurrengo postuak, eta brontzezko domina Rohan Dennis australiarrarentzat izan da.