Espainiako gizonezkoen belar hockeyko selekzioak 3-0 galdu du goizaldean Indiaren kontra. Jose Maria Basterra Chefo berriro gelditu da jokatu gabe. Oraingoan, deialdian ere ez du sartu Espainiaren hautatzaile Fred Soyezek. Modu horretan, final-laurdenetarako bidea zaildu egin zaio Espainiako selekzioari.
Debutean bana egin zuen Argentinaren aurka (orduan jokatu zuen Basterrak), eta bigarren jardunaldian 3-4 galdu zuen Zeelanda Berriaren aurka. Hurrengo partida, ligaxkako laugarrena, azken-aurrekoa, Japoniaren aurka du, asteazkenean, 13:45ean. Multzo bakoitzeko aurreneko laurak sailkatzen dira final-laurdenetarako, eta, oraingoz, multzoko seigarrena da Espainia: azkena.