Euskal Presoak

Sarek mobilizaziora deitu du Donostian, «presoen etxeratze prozesua azkartzeko»

Manifestazioarekin, duela aste batzuk martxan jarri zuten 'Ibilian-ibilian, etxerako bidean' egitasmoari bukaera emango diote Gipuzkoan. Abuztuaren 21ean izango da.

Sarek abuztuaren 21ean Donostian egindako mobilizazioa. ANDONI CANELLADA/ FOKU
unai etxenausia
2021eko uztailaren 27a
12:48
Entzun

Duela aste batzuk jarri zuen martxan Sarek Ibilian-bilian, etxerako bidean egitasmoa. Gipuzkoan, hasiera eman zioten egitasmo eta mobilizazio maratoi bati. Bi astean behin, eskualde bakoitzak aurrekoaren lekukoa hartzen du (Debaldetik Buruntzara, Buruntzatik Goierrira, Goierritik Tolosaldera, Tolosaldetik Urolara, ondoren Oarsoaldera). Jarduera maratoi hau abuztuaren 21ean bukatuko da, Donostiara egingo den ibilaldiarekin eta Gipuzkoako eskualde guztiak batuko dituen mobilizazioarekin. Manifestazioa Donostiako Artzai Onaren katedraletik abiatuko da, 17.30ean; «festa giroan» izango dela iragarri dute. Bertan, euskal presoei «legeak berak dioen bidea irekitzea» eskatuko dute, neurri erantsirik gabe.

Gipuzkoako txoko guztietara zabaldu nahi dute dinamika, «benetako elkarbizitza eta bakea eskuratzeko», presoen etxeratze prozesua azkartzea helburu dutela. Sareren ustez, etxeratze prozesuetan azken hilabeteetan «pauso garrantzitsuak» emateak fase zahar bat ixtea eta beste bat irekitzea ekarri du: «Bakartzea, lehen graduak eta urrutien dauden espetxeak atzean utzi ditugu behingoz, baina egoera berri honetan oraindik ere badira hamaika oztopo. Bigarren graduan egonik ere, baimenak jasotzeko edota hirugarren gradua edo baldintzapeko askatasuna lortzeko ateak ez daude guztiz zabalik oraindik». Gainera, salatu dute, beste hainbat salbuespen neurri bezala, euskal presoei oraindik ez zaiela uzten legeak dioen ibilbidea jorratzen.

Sareren hitzetan, euskal presoak gerturatzea «lortu» bada ere, eskatzen dute guztiak Euskal Herriratzea: «Euskal presoak gerturatzea lortu badugu ere, argi dago Euskal Herrirra ekarri behar ditugula, gaixo larriek etxean egon behar dutela, emakumeei kartzela bikoitza jartzen zaiela, 85 haur motxiladunek oraindik ezin dituztela besarkadak normaltasunez jaso….» Salbuespen neurri guztiak «bertan behera» geratzea «ezinbestekoa» dela aldarrikatuko dute.

Beste egitasmo batzuk

Abuztua bitartean, Hego Euskal Herriko beste bi hiriburuetan manifestazioak egingo dituzte: abuztuaren 3an, Gasteizen, eta abuztuaren 27an, Bilbon. Aurretik, uztailaren 3an egin zuten Iruñean.

Irailean, Gipuzkoaren lekukoa hartuta, Bizkaian, Araban eta Nafarroan egingo dituzte dinamika horiek. Bizkaitarrak abuztuaren amaieran hasiko dira, Nafarroa ordezkatuz, eta ekintza ibiltaria egingo dute, egunez eta gauez; irailaren 29tik urriaren 2ra bitartean. Azkenik, arabarrek antolatuko dituzte.

Urriaren 23an, amaiera emango diote Ibilian-ibilian, etxerako bidean kanpainari, Donostian. Mobilizazio orokor batekin egingo dute. Euskal Herritar guztiei zabaldutako deialdia izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.