Txina

Erruduntzat jo dute Hong Kongeko Segurtasun Legearekin auzipetutako lehenengo herritarra

Kondenatuari «terrorismoa» egotzi diote, eta «sezesioa bultzatzea», motor batekin istiluen kontrako hiru poliziaren artetik igarotzeagatik protesta ikur batekin.

Tong Ying-kit, iazko uztailean, auto barruan, Segurtasun Legearekin auzipetu zuten epaileengana bidean. JEROME FAVRE, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko uztailaren 27a
12:28
Entzun

Tong Ying-kit 24 urteko gaztea izan zen Txinak Hong Kongerako onartutako Segurtasun Legearekin auzipetu zuten lehena, eta gaur erruduntzat jo dute epaileek, «terrorismo delituagatik» eta «sezesioa bultzatzeagatik». Tongi hauxe egotzi diote: iazko uztailean, Segurtasun Legearen kontrako protestetan, istiluen aurkako hiru poliziaren artetik igarotzea motor baten gainean, protesta ikur batekin. Hong Kong Askatu, gure garaiko iraultza zioen eskuetan zeraman banderak.

Ikusmin handia piztu du kasuak mundu osoan, zeren, Hong Kongerako Segurtasun Legea ezartzen den lehen aldia izanik, epaileen erabakia eta sententziaren arrazoiketa aurrekari garrantzitsuak izan baitaitezke hiri horretako lege sistemarentzat.

Epaimahaia hiru epailek osatu dute. Horietako batek azaldu duenez, Tongek bazekien eskuetan zuen banderaren leloak «esanahi sezesionista» duela, eta esanahi hori beste batzuei komunikatzen ahalegindu zen. «Ez dago inolako zailtasunik ulertzeko leloa Hong Kong Txinatik banatzeari buruzkoa dela, eta beste batzuk bultza ditzake sezesiora».

Tongen banderako leloa oso erabilia izan da, Hong Kongeko 2019ko protestetan ezagun egin zenetik. Epaileen ustez, baina, Tongek «ordena publikoari eraso» egin zion «agenda politiko jakin bat garatzeko», eta bere ekintzekin «kalte handia» egin zion Txinako «gizarteari».

Motorrarekin Poliziaren auto bat jo izana ere egotzi diote. Auzitegiak baztertu egin du ausarkeriaz gidatzeagatik epaitzea, «terrorismoagatik» eta «sezesioa bultzatzeagatik» epaitu ordez.

Egozten zaizkion delituak ikusirik, aringarriak izan daitezkeen argudioak aurkeztu ahal izango ditu auzipetuak ostegunean, eta aurrerago hartuko dute epaileek azken erabakia, zer zigor ezarriko dioten zehazteko.

Tongek kontrako kargu guztiak ukatu ditu, eta helegitea aurkezteko aukera aztertzen ari dela adierazi du haren abokatuak. Espetxean dago, bermeaordainduta kartzelatik irteteko aukerarik gabe.

Txinako Parlamentuak iazko maiatzean onartu zuen Hong Kongerako Segurtasun Legea, eta uztailaren 1ean sartu zen indarrean. Egun horretan atxilotu zuten Tong, orain bera epaitzeko erabiltzen ari diren legearen kontrako manifestazioetan.

Segurtasun Legeak «sezesioa, altxamendua eta terrorismoa» zigortzea du helburu, baita atzerriko esku hartzearekin prestatutako «konspirazioak» jazartzea ere. Hain justu, atzerriko herrialdeek Txinaren aurka antolatutako azpijokoen tresna izatea leporatu izan die Pekinek Hong Kongeko protestak sustatu dituzten «demokraziaren aldeko» taldeei. Aipatutako delituengatik, legeak bizi guztiko zigorrak ezartzeko aukera jasotzen du.

Orotara, 60 lagun baino gehiago auzipetu dituzte lege horrekin, eta horietako asko espetxeratuta daude, noiz epaituko zain.

Amnesty Internationalek Tongen kontrako epaia gaitzetsi du. Elkarteak Asia-Pazifikoa eskualderako duen zuzendari Yamini Mishraren esanetan, «amaieraren hasiera dirudi adierazpen askatasunarentzat Hong Kongen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.