Indarkeria matxista

Elkarretaratzera deitu dute gaur Berrizen, emakume baten aurkako hilketa saioa gaitzesteko

Labanaz eraso, eta haurrarekin ihesari eman zion. Handik gutxira atxilotu zuten ertzainek, eta espetxeratuta dago orain. Emakumea heriotza arriskutik kanpo dago.

Indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratze bat Bilbon, joan den ekainean. ARITZ LOIOLA / FOKU
2021eko uztailaren 27a
09:29
Entzun

Mobilizaziora deitu dute gaur 19:00etarako Berrizen, Urtiaga plazan, atzo iluntzean gizon batek bikotekidea hiltzen saiatu izana gaitzesteko. Labanaz egin zion eraso andreari, eta besoetako haurrarekin ihesari eman zion gero. Atzo iluntzean bertan atxilotu zuten ertzainek, hilketa saioa egotzita. Epailearen aurrean deklaratu du gaur, eta kartzelan sartzeko agindu du. Basaurira eraman dute.

Emakumea zaurituta eraman zuten Gurutzetako ospitalera, helikopteroz. Heriotza arriskutik kanpo dago emakumezkoa, Eusko Jaurlaritzako iturriek jakinarazi dutenez. Beatriz Artolazabal Berdintasun sailburuak baieztatu zuen lehen ere salaketa jarria zuela emakumezkoak gizonaren kontra, indarkeria matxistarengatik. Jaurlaritzak eskura dituen baliabideak eskaini dizkiola gaineratu zuen.

Erasoa salatzeko elkarretaratzera deitu dute Berrizko Urtiaga plazan, 19:00etarako. Azeri Gorriak talde feministak kalejira zaratatsua egingo du aurretik, 18:30ean hasita, lapikoekin. Eta 19:00etan, Urtiagako plazako elkarretaratzera batuko da.

Udalak jakinarazi du zenbait neurri bultzatuko dituela biktimei lehentasunezko arreta emateko, prebentzio jarduerak egiteko eta erasotzaileen gizarte zigorgabetasuna ez onartzeko. Bestalde, erasoei erantzun irmoak emateko deia egin die herritarre.Deialdi horrekin bat egin du Bingen Zupiria bozeramaileak, Eusko Jaurlaritzaren izenean. Salatu du Berrizko emakumearen aurkako hilketa saioa, eta baita Gijonen (Espainia) asteburuan izandako talde bortxaketa ere. Biktimei babesa agertu die, eta protestetan parte hartzera deitu du.

Dei bera egin du Emakundek: prentsa ohar bidez, erasoa «gogor salatu» du. Erakundeak ere beren gaitzespena adieraztera deitu ditu herritarrak, «emakumeen kontrako indarkeriarik gabeko gizarte bat eraikitzeko, herritarren jarrera aktiboa ezinbestekoa baita». Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak Euskadi Irratiari emandako elkarrizketan gogora ekarri du indarkeria matxista egiturazko arazoa dela eta alde askotatik behar dituela erantzunak. Indarrak bi arlotan jarri ditu: prebentzioan eta egoera zaurgarrian dauden emakumeen babesean.

Halaber, Berrizko kasuari lotuta, esan du indarkeria bikarioarekin lotutako kasu bat delako zantzuak daudela, gizonezkoak besoetako haurra hartuta eman ziolako ihesari. «Emakumeari min egiteko haurra erabili duen kasu baten aurrean gaudela dirudi, eta indarkeria mota hau ere txertatuta dago lege aldaketan».

Eudelek ere bat egin du elkarretaratzearekin, eta, berdintasuna bultzatzeko «gizarte osoak duen erantzukizuna» dela eta, sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dutela adierazi du.

Erasoa gaitzetsi du Euskadiko Gazteria Kontseiluak ere. Gizarteari erasoen kontra esku hartzeko deia egin dio erakundeak, eta justizia egin dadin eskatu du, «justizia feminista». Horretarako, legedia aldatu beharra dagoela adierazi du: genero indarkeriaren kontzeptu juridikoa zabaltzea indarkeriaren biktima guztiak kontuan hartu daitezen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.