Haurrak eta gazteak txertatzearen kontra Donostian, osasun ziurtagiriaren aurka Baionan

Manifestazioa egin dute, Bizitza plataformak deituta. Aldarrikatu dute «osasuna eta askatasuna» eta haurrak eta gazteak «ez ikutzeko». Baionan, berriz, osasun ziurtagiriaren eta txertoak derrigortzearen kontra egin dute protesta.

Bizitza plataformak deitutako manifestazioa, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2021eko uztailaren 24a
15:31
Entzun 00:00:0000:00:00

«Ume eta gazteengan medikamentu genetiko esperimentala inokulatzeari ezetz» esan diote, Donostian, manifestazio jendetsu batean. Bizitza plataformak deitu du manifestaziora, Osasuna, maitasuna eta askatasuna lelopean. Eguerdirako ehunka pertsona batu dira Donostiako Sagues plazan, eta handik abiatu dira, Bulebarrera. «Haurrak ez dira ikutzen» eta «Osasuna eta askatasuna» izan dira gehien entzun diren leloak, «Birusa beldurra da», «Eztabaida nahi dugu» «Ez dugu beldurrik» eta «Telebista manipulatzailea» oihuen artean. Ehunka lagunek egin dute Bulebarrerako bidea elkarrekin, maskararik gabe gehien-gehienak.

Esaten dutenez, «Europako eta Estatu Batuetako medikamentuen agentzien arabera 30.000 bat lagun hil dira sasitxerto hauengatik orain arte, Europan 18.928 lagun eta Estatu Batuetan 10.991 lagun», eta 500.000 pertsona betiko kalteekin geratuko dira.

Bizitza plataformakoek esaten dutenez, txertoak ez ditu pertsona nagusiak immunizatzen, eta beraz, gazteei ez jartzeko eskatzen dute: «Jende nagusia kutsatu ahal dutela aitzakia bezala jartzea gezur handi bat da».

Saguesen lehenik harrera egin diete azken asteetan Hitza plazaz plaza lelopean 42 herritan zehar ibili den karabanari. Gasteizen, maiatzaren 15ean hasitako ibilbidea da, eta herriz herri ibili dira. Aurrerantzean ere protestetan parte hartzera deitu dute.

Bestetik, Baionan ere manifestazioa egin dute eguerdi honetan, txertaketa derrigortzearen eta COVID-19aren osasun agiriaren kontra. Osasun ziurtagiria indarrean jarri berri da ekitaldi kulturaletara zein beste hainbat ekitaldietara sartzeko, eta protesta mugimendu ugari eragin ditu neurri horrek. Baionako kaleak bete ditu manifestazio handi batek, eta Herriko Etxearen aitzinean amaitu dute protesta. «Askatasuna» oihuka aritu dira bidearen zati luze batean, eta «osasun diktadura» gaitzetsi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.