Hasiera ekitaldia

Entsegu bat, hasteko

Ohi baino ekitaldi soilagoarekin hasi dira Tokioko Olinpiar Jokoak, COVID-19agatik atzeratu eta urtebetera. Pandemiaren ondorioak aipatu dituzte, baina ez du protagonismorik izan. Estadioaren kanpoan jokoen kontrako protesta egin dute ehunka lagunek, eta haien oihartzuna estadio barrura iritsi da.

Naom Osaka tenislariak piztu du suontzia. ENRIC FONTCUBERTA / EFE
jakes goikoetxea
2021eko uztailaren 23a
17:23
Entzun

Entsegu orokorren kutsua izan du. Festa pribatuarena. Ikuskizun handi bat eta estadio oso bat kazetarientzat eta gonbidatu batzuentzat baino ez. Tokioko Olinpiar Estadioko koloretako aulkiek bestelako itxura eman zezaketen, baina Olinpiar Jokoetako azpiegitura nagusia hutsik zegoen (68.000 ikusle sartzen dira bertan).

Pandemiak itxiera eta irekiera ekitaldiak moldatzera, sinplifikatzera, behartu ditu antolatzaileak. Horregatik, gaurkoak izan du festa egin nahi bai, baina egin ezin duenaren kutsua. Baita ikusle faltak eragindako isiluneak saihestekoa ere. Oso isilune gutxi izan dira, ekitaldiak soinu banda bat zuela zirudien.

Argazki bilduma:hemen

Itxuraz gain, mezuak aldatzera behartu ditu pandemiak. Ikusteko zegoen COVID-19ak zer nolako lekua eta protagonismoa izango zuen gaurko ekitaldian. Zenbat eta nola azalduko zen.

Agertu da, hasieran bertan. Baina, NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordeak pandemia garaian egin duen moduan, pandemiari kirola kontrajarriz: bideo batean kirol ezberdinetako kirolariek koronabirusa eta haren ondorioak irudikatzen zituen harrizko hormatzar bat eraitsi dute. Modu formalagoan ere agertu da pandemia, gogoan izan baitituzte bai hitzez, bai isilune baten bidez, pandemiak hil dituen pertsona guztiak.

«Jaun-andreok, iritsi da une garrantzitsua» esan, eta herrialdeetako atletak estadioan sartu dira. Ohi baino ordezkaritza txikiagoak, baina batzuk oso jendetsuak. Musikak estali du txaloen eta haien berotasunaren falta. Japoniak jaso zituen txalo gehien, baina errefuxiatuen taldea ere oso txalotua izan da. 29 kirolarik osatzen dute errefuxiatuen ordezkaritza. Argentinarrak izan dira nabarmenenak, saltoka eta multzo bat osatuz sartu baitira, garaipen bat ospatuko balute bezala.

Apaindura gutxiago
Gainerakoan, halako ekitaldiek izaten dituzten ohiko osagaiak: tradizioan eta irudi sinbolikoetan oinarritutako musika saioak, doinu epikoak, koreografiak, su artifizialak estadioaren estalkitik, laser bidezko irudiak, olinpiar mugimenduaren aldeko iragarki itxurako mezuak, desfile luzea (bideo jokoetako musika doinuekin), atleten uniforme eta txandal koloretsuak... Hori bai, ohi baino soilagoa, apaindura gutxiagokoa izan da.

Seiko Hashimoto Tokioko Olinpiar Jokoen Antolaketa Batzordeko buruak, gaurko hitzaldian, eutsi egin die jokoen hasierako helburuari: «Japoniaren suspertzea erakutsiko diogu munduari».

Thomas Bach NOBeko presidenteak ere bai erakundearen mezua: «Gaurkoa itxaropen momentua da. Hau da tunelaren amaierako argia». Eskerrak eman dizkie japoniarrei, jokoak haiei esker egin direla esan die.

Eta japoniarrak? Estadiotik kanpo zeuden. COVID-19ari buruzko aipamenez gain, bazegoen beste zalantza bat: ea protestarik izango ote zen Olinpiar Jokoen kontra. Ehunka lagun elkartu dira kanpoko aldean. Irekiera ekitaldiaren isiluneetan protesten oihartzuna entzun zitekeen estadiotik bertatik. Pandemia garaian kaleratutako inkesta guztien arabera, japoniar gehienak jokoen kontra daude, eta berriro atzeratzea edo bertan behera uztea nahi dute.

Estadioaren kanpoko aldea hesituta zegoen. Atzerritarrak, gehienak komunikabideetako ordezkariak, barrura; bertakoak, hesiaren beste aldean, kanpoan. Ezin izan dute hasiera ekitaldira sartu eta ezingo dute lehiaketak ikustera joan, ez baita ikuslerik izango.

Naruhito Japoniako enperadoreak, harmailetatik, Tokioko Olinpiar Jokoak irekitzat eman ditu. Olinpiar bandera estadioko mastan dago. Olinpiar sua ere piztuta dago: Naomi Osaka tenislaria arduratu da horretaz. Entsegua bukatu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.