KRISIA EA-N

Arabako Auzitegiak ebatzi du EAk Ramirezen hautagaitzari kalte egin ziola

Sektore kritikoak jakinarazi duenez, epaileak adierazi du alderdiak ez zuela «pluralismo ideologikoa» errespetatu.

Eba Blanco, 2019ko urriaren 29an Gasteizen egin zuen agerraldian. JUANAN RUIZ / FOKU
2021eko uztailaren 22a
19:36
Entzun

Arabako Probintzia Auzitegiak ebatzi du Eusko Alkartasunak, 2019an idazkari nagusia aukeratzeko prozesuan, ez zuela «pluralismo ideologikoa» eta «alderdiaren funtzionamendu demokratikoa» errespetatu, eta, beraz, kalte egin ziola Maiorga Ramirezen hautagaitzari. Hala jakinarazi du sektore kritikoak.

Sententziaren arabera, 2019ko prozesuan, alderdiko Hauteskundeen Antolaketa Batzordeak soilik Eba Blancoren hautagaitzaren alegazioak jaso zituen, eta Blancok berak aitortu zuen abalak biltzen hasi zela horretarako epea zabaldu aurretik: «Agerikoa da proklamatutako hautagai bakarrak ez zuela errolda kontsultatu beharrik abalak biltzeko», azaldu du epaileak. Horrek, ebazpenaren arabera, aditzera ematen du «desorekak» zeudela bi hautagaitzen artean.

Ramirezek esan du «barne demokraziarako berri ona» dela epaia, eta datozen orduetan agerraldi bat egingo du, epaiaren balorazio xeheago bat egiteko.

EAk 2019ko urrian gauzatu zuen idazkari nagusia aukeratzeko prozesua; orduan, Hauteskunde Antolaketa Batzordeak lehiatik kanpo utzi zuen Maiorga Ramirezen hautagaitza; 400 bat abal eskuratu zituen Ramirezen hautagaitzak, beharrezkoak zirenak baino gehiago, baina Hauteskunde Antolaketa Batzordeak ebatzi zuen Ramirezek ez zituela aski abal eskuratu Ipar Euskal Herrian, eta, beraz, ez zituela hautagai izateko irizpideak bete.

Hori horrela, eta hautagai bakarra izanda, Eba Blanco izendatu zuten idazkari nagusi. Sektore kritikoak auzitara jo zuen, eta Gasteizko Auzitegiak behin-behinean eten zuen izendapen hori. Halere, Blanco jarduneko idazkari nagusi aukeratu zuten, prozesuak iraun bitartean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.