Orain dela bi hilabete zen: 60 diputatuk jarritako helegiteari erantzunez, hizkuntza gutxituen aldeko legea atzera bota zuen, partzialki, Frantziako Konstituzio Kontseiluak, eta hizkuntza gutxituen irakaskuntza murgiltze ereduan egitea Frantziako Konstituzioaren kontrakoa dela adierazi zuen. Erabakiak haserre handia eragin zuen, eta milaka pertsona mobilizatu ziren Frantziako Estatuaren meneko lurraldeetan hizkuntza gutxituen irakaskuntza defendatzeko. Departamenduetako eta Eskualdeetako hauteskundeen giroan eta haserrea baretze aldera, Konstituzio Kontseiluaren ebazpenaren ondorioak aztertu eta proposamenak egiteko eskatu zien Jean Castex Frantziako lehen ministroak bi diputaturi: Martxan alderdiko Christophe Euzet eta Yannick Kerlogot. Hilabeteko epean, hirurogei bat elkarrizketa egin dituzte eragileekin, hautetsiekin eta adituekin, eta atzo helarazi zioten ondorioen txostena Frantziako gobernuburuari.
Bi diputatuek ondu duten txostena aztertu du BERRIAk. Frantziako Estatuan hizkuntza gutxituek duten egoeraren diagnostiko zabal bat egin dute bi diputatuek, eta Konstituzio Kontseiluak eskatutako koadroan sartzeko erantzun batzuk proposatu dituzte, ebazpenaren ondorioz itunpeko eskolek pairatzen duten ziurgabetasun juridikoari konponbiderik eman gabe.
«Harritzen nau proposamenen herabetasunak, urrun baitaude murgiltze bidezko irakaskuntza metodoa legalki segurtatzeko behar denetik», adierazi du Paul Molac Bretainiako diputatuak. Bera izan da hizkuntza gutxituen legearen sustatzaile nagusia. «Konstituzioa berrikusteko prozedura batek bakarrik ahalbidetuko du gure hizkuntzen murgiltze irakaskuntza behin betiko bermatzea. Ez dut ulertzen txostengileek proposamena ez dela desiragarria erratea». Konstituzio aldaketaren proposamena jadanik 140 parlamentarik babestu dutela ohartarazi du: «horrek erakusten du gehiengo bat lortzea posible dela». Horrez gain, kezka agertu du bi diputatuen proposamenek pedagogikoki izan litzaketen ondorioez.
Konstituzio Kontseiluaren ebazpena ezagutu bezain laster mintzatu zen Paul Molac Bretainiako diputatua. Hizkuntza gutxituen irakaskuntza murgiltze bidez egitea Frantziako konstituzioaren kontrakoa bada «ez da metodo pedagogikoa aldatu behar, baizik eta konstituzioa», adierazi zuen. Geroztik, aldarrikapen hori zabaldu dute gehienek, hizkuntza gutxituen irakaskuntzari leku eginen liekeen konstituzio aldaketa bat erregutuz. Baina aukera hori baztertu dute bi diputatuek, «epe laburrean» gutxienez. «Eskualdeko hizkuntzen murgiltze irakaskuntzari buruz disposizio berezitu baten idazketak artoski aztertu beharreko albo kalteak izan litzake, eta analisia hori ezin da urgentzian egin», esplikatu dute txostenean.
Beraien iritziz, konstituzio aldaketa bat aurreikustekotan, modu zabalagoan eta epe luzera pentsatu beharko litzateke, hizkuntza gutxituei Frantziako konstituzioan eman beharreko lekuaz gogoetatuz. Hala, «eskualdeko hizkuntza Frantziako ondarearen parte» direla dioen 75-1 artikulua moldatzea hobesten dute. «Hala ere, eragile andanak eskatzen duen konstituzio aldaketa horrek ez luke identifikatutako oztopo guziak gainditzea ahalbidetuko. Halako hipotesia batean Konstituzio Kontseiluak oreka eta proportzionaltasun bat aurkitu beharko luke 75-1 artikuluan integratutako disposizio berrien eta 2. artikuluaren artean». Bi diputatuek zehaztu dute gaur egun ez dela 2. artikuluaren ezabatzerik aurreikusten.
Hizkuntza gutxituen irakaskuntza definituko lukeen lege berri baten aukera ere erabat baztertu dute bi diputatuek. «Parlamentuan jadanik programatuak diren lege testuetan emendakin bat gehitzeko ez dago heldulekurik, eta 2021. urte bukaera aitzin dagoen egutegia biziki baldintzatua da». Era berean, Konstituzio Kontseiluaren beste zentsura bat eragileentzat «kaltegarria» litzatekeela ebatzi dute: «dituzten arrangurak areagotu besterik ez lituzke eginen».
Araudian edo hitzarmenetan
Hala ere, bi diputatuek uste dute posible dela jadanik egiten dena epe laburrean segurtatzea. 2021eko ikasturte hasiera aitzin eta arau bidez egin litekeela diote, zirkular baten bidez adibidez -azkena 2017koa da-. Horretarako, konstituzio kontseiluak azpimarratutako baldintzei arreta jarri beharko litzaiekela uste dute. Horrez gain, tokian toki itunpeko eskolek dituzten hitzarmenak berrikustea ere proposatzen dute. Gehienak 2021-2022 ikasturtean bukatuko dira. Hitzarmen horietan zehaztu nahiko lukete murgiltze irakaskuntzan zer urtetatik aitzina hasiko diren frantsesa ikasten, eta frantses maila neurtzeko ebaluaketa batzuk aurreikustea ere aipatu dute.
Azkenik, eragileekin elkarlanean murgiltzearen definizio lan bat egitea beharrezkotzat jo dute bi diputatuek, «Konstituzio Kontseiluaren erabakiaren arrazoiekin erabat bateragarri izan dadin». Hauek lirateke irakaskuntzaren zerbitzu publikoan gainditu beharko ez liratekeen mugak: Murgiltze ereduaa hautazko izatea; elebitasunaren helburua; frantsesaren ezinbesteko irakaskuntza hiru zikloetan -lehen hezkuntzan, kolegioan eta lizeoan-; ikastetxeen komunikazio hizkuntzari buruzko argipenak. Azken honi buruz, honela idatzi dute bi diputatuek: «Ikastetxe barruan eskualde hizkuntza erabili badaiteke, hautazkoa izan behar da eta helburu pedagogikoei erantzun behar die».