Asteburu eta jaietan etxeratze agindua jartzeko eskatuko du Nafarroak

Nafarroako Auzitegi Nagusiari bidaliko dio eskaera. Hamalau egunean 250 positibo baino gehiago pilatuta dituzten herrietan ezarriko litzateke neurria.

Justizia jauregia. VILLAR LOPEZ / EFE
jon olano
2021eko uztailaren 22a
13:45
Entzun

Nafarroako Gobernuak foru arau bat bidaliko dio gaur herrialde horretako Auzitegi Nagusiari, etxeratze agindua ezartzeko aukera eskatzeko. Zehazki, une jakin batzuetarako nahi du gobernuak etxeratze agindu hori: asteburuetarako eta udalerriek festak ospatzen dituzten egunetarako. Gainera, neurri hori ezarriko litzateke bi astean 250 COVID-19 kasu baino gehiago edo astebetean 125 baino gehiago antzeman dituzten udalerrietan.

Aste honetan bertan, Nafarroako Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen etxeratze agindua. Epaileen arabera, gobernuak udaletako kutsatzeen datu zehatzak eman beharko lituzke, eta eskaeran aurkeztutako polizia txostenak ez dira nahikoa. Gaueko jarduera mugatu nahi zuen gobernuak: 01:00etik 06:00etara.

Javier Remirez gobernuko bozeramaileak adierazi du etxeratze agindua «beharrezko tresna» dela kutsatzeen hedapena mugatzeko: «Noski, auzitegiaren ebazpena aztertuta, saiatu gara haren eskari eta irizpideetara egokitzen». Horregatik, gaineratu du oraingoa «neurri zehatzagoa, kirurgikoagoa» dela, eta pozik agertu da arau berriarekin. Asmoa litzateke foru araua indarrean egotea bihartik etzirako gauerditik aurrera, hilaren 28ra arte, asteburua «harreman sozial handikoa» delako Nafarroan, Remirezen arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.