Gaur goizean abiatu da euskal presoen eskubideen aldeko bizikleta martxa. Garesen eman diote abiapuntua, Nafarroan, eta pedal kolpeei ekin aitzinetik ekitaldi bat egin dute herriko plazan. Ibilian-ibilian etxerako bidean leloa jarri dio aurten Sarek bizikleta martxari, eta, hiru egunez, euskal presoen aldeko aldarria Nafarroan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hedatuko dute.
Gaurko etapan, Nafarroatik Arabara eginen dute: Gares, Lizarra, Antzin, Kanpezu, Genevilla, Lapoblacion eta Ekora zeharkatuko dituzte, eta Oionen bukatuko dute ibilaldia, 15:30ak aldera. Bihar Bizkaian ibiliko dira: zehazki, Sopelan, Urdulizen, Plentzian, Armintzan, Bakion, Bermeon eta Mundakan. Eta, larunbatean, azkenik, Zumaiatik Donostiarako ibilbidea eginen dute (Gipuzkoa), Getaria, Zarautz, Orio eta Usurbildik igarota. Larunbat eguerdian emanen diote bukaera martxari, Donostiako Alderdi Ederren eginen duten ekitaldi batekin.
Alkatearen harrera Garesen
Garesko ekitaldian, Oihan Mendo Goñi alkateak (EH Bildu) harrera egin dio bizikleta martxari: «Bizikleta itzuli honek preso eta iheslarien etxeratze bidean bultzada izan asmo du, eta guk ere, Garestik, bide horri gure aletxoa jarri nahi izan diogu gaur». Alkatearen hitzetan, «elkarbizitzaren bidean ezinbestekoa» da euskal presoak «etxerako bidean» jartzea: «Horretarako, Euskal Herriratzea eta graduen progresioa ezinbestekoak dira, eta horixe da datozen hiru egunetan guztion artean zabalduko dugun mezua».